San Juan baleontziaren eraikuntza, amaitzear
Ostegunetik igandera Albaola Itsas Kultur Faktoria bisita daiteke, lanak nola doazen zuzenean ikusteko
I. Altuna
Donostia
Asteazkena, 25 abendua 2024, 19:20
Albaola Itsas Kultur Faktoriak ateak zabalik izango ditu datozen egunetan, bisitariek San Juan baleontzi historikoaren erreplikaren eraikuntza ikusten jarrai dezaten. Duela hamar urte hasitako lana amaierara iristear dago, eta opor egun hauek eraikuntza nola doan ikusteko aproposak dira. 1565ean Labradorren (Kanada) hondoratu zen San Juan baleontzia, ia 30 metro luze zituena. Erreplikaren eraikuntza prozesuak UNESCOren babesa du. Bisitaldian, gainera, teknika eta teknologia tradizionalekin jendaurrean lanean ari diren arotz ontzigileak ikusi ahal izango dituzte bertaratzen direnek, baita euskal itsas historiaren pasarteak ezagutzeko aukera.
Abenduaren 26, 27, 28 eta 29an zabalik izango da museoa, baita urtarrilak 2, 3, 4 eta 5ean (abenduaren 23, 24, 25, 30, 31 eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita). Ordutegiari dagokionez, goiz eta arratsaldez bisitatzeko aukera izango da, 10.00etatik 14.00etara eta 15.00etatik 18.00etara. Igandetan, goizez bakarrik irekiko ditu ateak museoak.
Euskadi Saria turismo arloan
Hain zuzen, Albaola Itsas Kultur Faktoriak Turismo arloko Euskadi Saria jaso berri du bigarrenez, 'Helmuga Arduratsu eta Jasangarria' sailean. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak emandako saria da. Aintzatespen honek gizarte, ingurumen eta ekonomia arloetan jasangarritasunarekin duten konpromisoagatik nabarmentzen diren tokiko ekimenak saritzen ditu, Euskadi kalitate handiko helmuga turistiko berritzaile gisa sendotuz.
Albaolak 2018an ere jaso zuen sari hori, eta horrek, «indartu egiten du turismo kulturalean eta jasangarrian erreferente gisa duen posizioa», nabarmendu dute museotik. «Bigarren aitorpen honek ingurumena eta tokiko komunitateak errespetatzen dituen turismo eredu baten alde egiten duen lanaren jarraipena azpimarratzen du», adierazi dute.