Saio gehiago izango ditu denboraldi berriak
Irailaren 14an hasi eta apirileko azken larunbatera bitarte luzatuko da
I.A.
Donostia
Osteguna, 13 ekaina 2024, 17:53
Hitzetik Hortzera programaren hurrengo saioak prestatzen hasi dira dagoeneko. Lan-taldeak lanean dihardu irailaren 14an hasiko den denboraldirako. Apirileko azken larunbatera bitarte luzatuko da denboraldia, eta azkenekoak baino sei programa gehiago izango ditu, Bertsozale elkartetik jakitera eman dutenez. Aurten ere ETB1eko larunbat gaueko prime time orduan emitituko da, hain zuzen ere, gaueko 21:00etan.
Hitzetik Hortzerako lan taldea hasi da dagoeneko programaren aurre-produkzio lanetan eta berritasun bat baino gehiago izango dira: besteak beste, Manex Pagola musikariak musika elektroniko eta tradizionala nahastuko ditu bertsolariek sortuko dituzten sortak musikatzeko.
Mirari Martiarena oiartzuarrak jarraituko du aurkezle lanetan eta astero bertsolaritzaren ekosistemako lagunen bat elkarrizketatuko du. Martiarena ezagututa, umore dosirik ez da faltako asteroko programan eta Hitzetik Hortzera izanda bertsorik ere ez.
Bertsoaldiak programaren oinarri izaten jarraituko dute eta astero-astero Euskal Herriko bi herri ezberdinetan izango da Hitzetik Hortzera bertso jaialdi, otordu edo ekitaldi bereziak pantaila txikira ekarriz.
Iaz bertsolari desberdinei bertso jarriak eskatu zizkieten Hitzetik Hortzeratik eta jendearen artean izandako harrera ona ikusirik, irailetik aurrera berriz ere bertso jarriekin gozatzeko aukera izango da. Manex Pagola musikari hernaniarrak lagunduta ariko dira bertsolariak.
Bestalde, haur eta nerabeek ere presentzia izango dute saiona. 'Txikitik handira' atalean, bertso eskoletako gaztetxoek bertsolaritzari buruzko euren hausnarketak egingo dituzte aurtengoan ere.