Rock jaialdia Hondarribian Psilocybe elkartearen 30. urteurrena ospatzeko
Abuztuaren 25ean eta 26an izango da, doan, Sasquatch eta Bala taldeekin, besteak beste
A.S.
Donostia
Igandea, 20 abuztua 2023, 18:45
Hondarribiako Hondartza kiroldegiko parkinean bi eguneko rock jaialdia izango da abuztuaren 25ean eta 26an, herriko Psilocybe Elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatu duena. Izan ere, 2023 honetan, 30 urte bete dira Psilocybenea aretoak lehen kontzertua jaso zuenetik eta horren harira zenbait ekitaldi antolatu dira, horien artean bi jaialdi potente. Lehena uztailean egin zen eta musika elektronikoa izan zuen protagonista. Eta bigarrena, berriz, abuztuaren 25 eta 26an egingo da, rockari tartea eskainita. Jaialdia doan izango da eta bertan zer jan eta zer edan izango da, baita elkartearen urteurren berezi honetako merchandising-a eskuratzeko aukera ere.
«Mundu osotik etorritako taldeak igoko dira oholtzara –adierazi zuen Nestor Uranga Psilocybe elkarteko kideak bi jaialdien aurkezpenean–. Kanpoko taldeak ekarri nahi izan ditugu, Los Angelesetik dator bat, adibidez. Baina ez ditugu hemengo taldeak alde batera utzi nahi izan. Azkenean jaialdiaren eta elkartearen oinarria beti izan dira bertako taldeak, bertako talderik gabe ez baitago elkarterik». Hori dena kontuan izanda, eskaintza xume bezain potenteak osatu dituzte.
Bi eguneko egitaraua
Hala abuztuaren 25ean, ostiralarekin, Los Angeleseko Sasquatch taldearen musikaz gozatzeko aukera izango da. Haiekin batera Psilocybeko Tzar, Txavvo eta Imago taldeak igoko dira eszenatokira. Eta gaua biribiltzeko Joseba B Lenoir beratarra arituko da bere Gang taldearekin batera.
Abuztuaren 26an, larunbatarekin, Bala galiziarrak izango dira oholtza gainean Psilocybeko beste lau talderekin batera: Horzdun, Naica, Midnight Sinners eta 20 urte geroago berriro ere oholtzara igoko den Lif. Azkenik, Bartzelonako The Capaces taldea arituko da.
Psilocybeneak dituen hiru balio nagusi aipatu nahi izan zituen Igor Enparan Hondarribiko alkateak jaialdiaren aurkezpen ekitaldian: «Sorkuntza, konpromisoa eta autokudeaketa. Guretzat eredu zarete, herri baliabideak herritarren ekienez funtzionatu dezaketela erakutsi duzuelako. Bidelagun izan nahi dugu datozen urteetan».