Osasun Itunak ez dituela herritarren hizkuntza eskubideen urraketak konponduko diote Kontseiluak eta Behatokiak
Osakidetza «urrun» dagoela oraindik euskaldunen hizkuntza eskubideak eta osasun zerbitzu egokia berdintasunez jasotzeko aukera bermatzetik adierazi dute
DV
Donostia
Ostirala, 11 uztaila 2025, 12:36
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Osasun Itunaren Mahaian ez dela euskalgintzako eragilerik egon, eta, beraz, erdietsitako akordioak ez duela osasungintza euskaldunduko ezta herritarren hizkuntza eskubideen urraketak konponduko ere. Bi erakundeek ostiral honetan prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, «kezkaz» jaso dituzte Jaurlaritzak bideratutako Osasun Itunaren inguruko azken berriak.
Iazko irailean hasitako prozesua amaitutzat eman dute eta, horrekin, etorkizunean hartuko diren neurriak finkatzeko erabiliko diren 24 lantaldeen behin betiko txostenak onartu, hizkuntza eskubideei dagokiena barne. Hain zuzen, bi erakundeen arabera, «azken hori izan da, lankidetza publiko-pribatuarenarekin batera, kontrakotasun gehien eragin duena».
Horrela, bi erakundeek salatu dutenez, hizkuntza eskubideak eta euskararen normalizazioa lantzeko lantaldean ez da euskalgintzako eragilerik egon, eta, hala, «aurreikustekoa zen bezala, herritarren eta langileen hizkuntza eskubideen begiradatik txostenak hainbat gabezia ditu, diagnostikotik bertatik hasita».
Beraien ustez, «agerikoa da» Osasun Itunak zein hizkuntza eskubideei buruzko txostenak «ez dituela kontuan hartu Kontseiluak egindako eskaerak ezta Behatokiak helarazitako txostena eta hizkuntza eskubideen urraketen datuak ere». «Ondorioz, ez zaie konponbiderik eman egun Osakidetzak, eta zeresanik ez osasungintza pribatuak, hizkuntza eskubideen alorrean dauzkaten hutsune ugariei», deitoratu dute.
Kontseiluaren eta Behatokiaren iritziz, «aurrera urrats edo norabidetze egokirik» jaso bada ere, hala nola historia klinikoen euskaratzean edota langileak euskalduntzeko erraztasunetan, oro har, itunak «ez dakar osasungintzan euskararen normalizazioan aurrera egin eta langile eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezko neurri esanguratsurik, ez egiturazko aldaketarik, ez jauzirik».
Azaldu dutenez, asko dira osasun zerbitzua norbera ardazten den hizkuntzan jasotzeak sendatze prozesuetan eta, orokorrean, osasuntsu bizitzean duen garrantzia erakusten duten osasun arloko ikerketak, adituak eta profesionalak. Era berean, «frogatuta» daude hizkuntza eskubideen bermerik ezak eragin ditzakeen estres linguistikoa, diagnostiko erratuak, diskriminazio egoerak edota pertsonen duintasunaren aurkako jarrerak. «Komunikazio ona eta testuinguru emozional egokia osasun arreta egokiaren zutoinak dira eta, gurean, euskara kalitatezko osasun zerbitzuaren ezinbesteko oinarria da», gaineratu dute.
Osakidetza, «urrun»
Ildo horretan, Kontseiluak eta Behatokiak deitoratu dute Osakidetza «urrun» dagoela oraindik euskaldunen hizkuntza eskubideak eta osasun zerbitzu egokia berdintasunez jasotzeko aukera bermatzetik, eta «gabezia nabarmena» dela. «Izan ere, egungo egoeratik abiatuta aurrerapauso txiki batzuk izan daitezkeen neurriak planteatzen diren arren, itun honek ez du salto kualitatiborik egiten, ez eta hurrengo urteetan egungo osasungintza sistema osoa euskaraz zerbitzuak eskaini eta lan egiteko zutoinik ezartzen ere», salatu dute.
Bi erakundeen eritziz «beharrezkoa» da epe zehatz batetan sistema osatzen duten profesional guztiek euskararen ezagutza izatea eta euskara erabiliko dutela bermatzeko neurriak hartu eta baliabideak jartzea. «Hori da hurrengo urteetako gidalerro izan beharko litzatekeena», gaineratu dute.
Bestalde, gogorarazi dute «etengabeak» direla euskarazko arreta ez bermatzeak eragindako hizkuntza eskubideen urraketak. Gainera, ohartarazi dute azken boladan, Osakidetzaren gabeziak baliatuz, «euskaldunen hizkuntza eskubideak gutxiesten dituzten diskurtsoen indartzea» ikusten ari dela. Horregatik Jaurlaritzari eskatu diote, «duen ardura bereziagatik, ausardiaz eta anbizioz» joka dezala, «beharrezko neurriak hartuz eta baliabideak jarriz, kalitatezko osasun sistema euskaldun bat lortzeko».