Osagai ugarirekin datoz Azpeitiako 41. Euskal Antzerki Topaketak
Azaroaren 2tik 23ra bitartean izango da aurtengo edizioa eta antzerki tradizionalaz gainera, eskola antzerkiak hartuko du protagonismoa
Eli Aizpuru
Azpeitia
Asteartea, 24 urria 2023, 18:25
Antzerkiak protagonismoa du Azpeitian eta udazkenarekin batera antzezlanek hartu ohi dute herria. Iritsi da antzerkiaren urtaroa Azpeitira. Izan ere udazkena antzerkiarekin lotu ohi da herrian eta 41.enez iritsiko dira obrak Soreasuko eta Dinamoako taula gainetara eta herriko kaleetara. Azaroaren 2an hasiko da Euskal Antzerki Topaketen 41. edizioa, eta azaroaren 23ra artean, dozena bat emanaldi baino gehiago ikusteko aukera izango da. Konpainia profesionalen nahiz talde amateurren lanek osatuko dute egitaraua; horrez gainera, aurten garrantzi berezia emango zaio eskola antzerkiari.
Asteartean egin zen topaketen aurkezpena, Dinamoan, eta han izan ziren Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Aitor Larrañaga Kultura batzordeburua, Garazi Lazkano eta Aitor Bengoetxea Kulturaz Kooperatibako kideak, Xanti Agirrezabala Azpeitiko antzerki tailerren dinamizatzailea eta aktorea, Marina Suarez Badon* lanaren zuzendaria eta Zestoako antzerki eskolako kideak.
Aurten, «aurrera begira» jarri dira, eta «protagonismo berezia» eman nahi izan diote belaunaldi berriei. Obra berezi bat ere hartuko du Soreasuk: Badon*, eta horrek itxiko ditu topaketak azaroaren 23an. Korrika Kulturalaren barruan eta Kulturazek sustatutako sormen egonaldietan ondutako proiektua da Badon*.
Honela, konpainiarik ezagunenen, talde amateurren nahiz gaztetxoen lanak ikusi ahal izango dira Soreasun, Dinamoan eta kalean. Erika Olaizola azpeitiarrak zuzendutako 'Salbe, publikoa' antzerkiak irekiko ditu topaketak. Artedramaren Hondamendia, Zestoako Eromen antzerki eskolakoen 'Higa' eta Ados teatroaren 'Lagun beltz asko' obrak izango dira ikusgai azaroan zehar, beste batzuen artean.
Sarrerak salgai
Iazko ekitaldian, Internetera ere egin zuten jauzi topaketek, eta aurten ere www.topaketak.eus webgunean egitaraua eta historia kontsultatzeko aukera egongo da. Atari hori erabili ahal izango da sarrerak erosteko ere. Helduen sarrerak 10 euro balioko du, eta haurrenak 5 euro. Internet bidez ez ezik, Soreasu antzokian eta Sanagustinen ere egongo dira salgai sarrerak. Topaketen 41. edizio honetako kartela lehiaketa bidez aukeratu ohi da, eta Leire Derteano Lizarralde oñatiarrak irabazi du.
Txotxongiloen protagonismoa
Ohitura bihurtu den bezala, Corrado Masacciren txotxongilo erakusketa izango da Betharram aretoan azaroaren 1etik 15era. Aurten, ordea, Masacciren erakusketaz gain, txotxongiloek bere leku propioa izango dute antzerki topaketetan; Izan ere, kulturaz kooperatibak Topic museoarekin elkarlanean adostu du hitzordua eta Tolosako Topic museoaren zatitxo bat Azpeitira ekarriko dute.
Soreasu antzokiaren sarreran jarriko dituzte Topic museotik ateratako txotxongilo sorta ikusgai, eta bildumaren xehetasunez gozatzeko aukera izango dute herritarrek antzerki emanaldien aurretik eta ondoren.
Nazioarteko Txotxongilo Zentroa da Topic, eta 2009ko azaroan zabaldu zituen ateak. Europa osoan txotxongilo arteari eskainitako zentro integral bakarra da. Azaroaren 12an, igandez, txotxongilo tailerra eskainiko dute Dinamoa Sormen gunean, 11:00etan hasita. Doakoa izango da, baina bertan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez. Tailerrean txotxongiloak egiten ikasi ez ezik, ahotsek eta mugimenduek duten garrantzia ere landuko dute.