Oihana Bartra nagusi Igorreko kanporaketan
Asteazkenean jokatuko da azken kanporaketa, Lekeition, eta finalaurrekoetako zerrenda osatuko da
I. A.
Donostia
Astelehena, 30 urria 2023, 13:57
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen fasea amaitzear da eta asteazkenean, azaroaren 1ean, azken kanporaketa jokatuko da, Lekeitioko Ikusgarri zineman. Bertan ezagutuko dira finalaurrekoetan zein bertsolari arituko diren.
Azken aurreko kanporaketa asteburu honetan Igorren izan da, Oihana Bartra nagusitu delaraik. Saioa irabaztearekin, finalaurrekoetara sailkatu da bilbotarra. Guztira sei bertsolari aritu ziren lehian, Aissa Intxausti Aburruza, Asier Galarza Garai, Eneko Aldana Carrasco, Janire Arrizabalaga Munduate, Jone Larrinaga Dañobeitia eta Oihana Bartra Arenas.
Lan puntuagarri guztiak egin ostean, Oihana Bartra Arenas izan da puntu gehien batu dituena: 477.5 puntu. Beraz, Lemoako finalaurrekora zuzenean sailkatu da, azaroaren 25ean jokatuko dena. Gainontzeko bertsolariek, puntuazioaren arabera izango dute hurrengo fasean kantatzeko aukera.
Asteazkenean Lekeition
Azaroaren 1ean, Lekeitioko Ikusgarri zineman, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa izango da, arratsaldeko 17:00etan. Han jakingo da finalaurrekoetan zein bertsolari arituko diren. Lekeitioko saioan aritu dira Aitor Arrutia Azkueta, Beñat Bilbao Landa, Eneko Abasolo Txabarri, Koldo Gezuraga Seijido, Maite Sarasola Isazelaia eta Peru Irastortza Santxo.
Lekeitioko azken kanporaketa jokatu ondoren, hiru finalaurreko aurreikusi dira, lehenengoa azaroaren 11n Berrizen, bigarrena 18an Santurtzin eta azkena 25ean Lemoan. Bertan batuko zaizkie 2021eko finalistak, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia .Azkenik, esandako hiru saioetako garaileak eta puntuazioz lehen bostak igaroko dira abenduaren 16an Miribillan izango den finalera.