Oihana Arana eskoriatzarra eta Ane Zuazubiskar arrasatearra nagusi Antzuolan eta Pasaian
Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea bigarren itzulian sartu da bete-betean
E. Ibarbia
Donostia
Igandea, 26 maiatza 2024, 19:09
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea, Gipuzkoa Bertsotan, bigarren itzulian sartu da bete-betean eta dagoeneko baditu lehen irabazleak. Antzuolan eta Pasaian jokatu dira bigarren itzuliko lehen bi saioak eta Oihana Arana Cardenal eskoriatzarra eta Ane Zuazubiskar Iñarra arrasatearra izan dira haietan nagusi, 353,5 eta 340 punturekin, hurrenez hurren.
A multzoko saioa izan da Antzuolakoa eta honela geratu da sailkapena: lehena Oihana Arana Cardenal 353,5 punturekin, eta haren atzetik ordena honetan; Manex Mujika Amunarriz (329,5 puntu), Beñat Iguaran Amondarain (321), Haizea Arana Cardenal (305,5), Manex Astigarraga Bergara (291); eta Emaitz Murua Arzallus (288,5).
Gai-jartzen Olatz Zuazubiskar ibili da eta epaitzen, Leire Beloki Lizarralde, Maite Sukia Olano, Mikel Lersundi Ayestaran eta Unai Muniain Caballero.
Pasaian jokaturiko B multzoko saioan, berriz, hauxe izan da sailkapena: Ane Zuazubiskar Iñarra irabazle 340 punturekin, eta haren atzetik Unai Izagirre Etxeberria (324 puntu), Andoni Mujika Izagirre (320,5), Gorka Maiz Alustiza (309,5), German Urteaga Garmendia (309) eta Antton Fernandez Lasa (297). Gai-jartzaile lanetan Iban Narbaiza Cevidanes ibili da eta epaile gisa Estitxu Agirre Agirre, Ion Martinez Ugarteburu, Mikel Urteaga Azkue eta Oihana Aranguren Etxaniz.
48 bertsolari eta 34 txartel udazkenerako
Pasa den apirilaren 25ean abiatu zen 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea, Gipuzkoa Bertsotan, 74 bertsolarirekin, eta horietatik 48 sailkatu dira bigarren itzuli honetarako. Txapelketa bera, irailaren 14tik abenduaren 14ra jokatuko da eta 34 bertsolarik lortuko dute bertan aritzeko txartela. Bi saioetako puntuak hartuko dira kontuan azken sailkapen hori osatzerakoan. Gipuzkoa Bertsotaneko bigarren itzulia datorren asteburuan amaituko da, ekainaren 1ean Ataunen eta Elgetan eta ekainaren 2an Soraluzen eta Hernanin jokatuko diren saioekin.
Saio guztietarako sarrerak https://www.bertsosarrerak.eus/ webgunean daude eskuragai.