Maddi Barber zinemagilea urtebetez murgilduko da San Telmo Museoko erraietan
Museo Bikoitza programan parte hartuko duen hurrengo artista gonbidatua izango da, museoarekin lotutako lan bat egiteko
I. Altuna
Donostia
Ostirala, 14 uztaila 2023, 13:36
Maddi Barber zinemagile eta artista nafarra izango da San Telmoko Museo Bikoitza programan arituko den hurrengo artista. Ekimen honetan urtero artista batek hartzen du parte, museoarekin lotutako lan bat egiteko. Lan horren emaitza denbora batez egoten da erakusketa programaren barruan, eta azkenik museoaren arte bildumari gehitzen zaio.
Museo Bikoitza programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, oraingoan Hinrich Sachs artistak hautatu du Maddi Barber hurrengo urtebetean proiektu honetan lanean aritzeko. Bere hitzetan, «Barberren lanak oroimen-irudiak sortzen ditu sentikortasunetik. Ziur nago, testuinguruari jartzen dion arreta berezia medio, altxor ezkutuak eta puntu itsuak aurkituko dituela San Telmo Museoan».
Maddi Barber (Artzibar, Nafarroa, 1988) Iruñea eta Baiona artean bizi da, ESAPBko (École Supérieure d 'Art Pays Basque) irakaslea delarik. Etnografia esperimentalaren ikuspegitik, bere filmek interesa erakusten dute oroimenaren, lurraldearen, azpiegituraren, ekologiaren eta gizakien eta naturaren arteko zaintza-etikaren arteko harremanean. Bere lan zinematografikoak hainbat jaialditan aurkeztu ditu. Berrienak ('Paraiso', 'Gorria', 'Urpean Lurra', '592 metroz goiti') jaio zen Pirinio aurreko lurraldeari estu lotuta daude.
Urtebeteko lana
Urtebetez arituko da artista nafarra proiektu honetan. Programa honen metodologiaren arabera, artista bakoitzak, gutxi gorabehera 6 hilabete ditu ikerketarako eta proposamena aurkezteko, eta beste horrenbeste proiektua gauzatzeko. Amaitutako proiektua museoan instalatzen da, egungo ibilbide museografikoaren barruan edo adostutako gune batean, eta proiektua jendaurrean erakusten den urtean, hurrengo edizioko artista hautatu eta lan koordinazioaren konpromisoak bere gain hartzen ditu gonbidatutako pertsonak.
Asier Mendizabalek, proiektuaren ideiaren sortzaileak gonbidatu zuen lehen artista, Ibon Aranberri. Honek lekukoa Erlea Maneros Zabalari eman zion eta jarraian Jose Mari Zabala, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum aritu ziren lanean Museo Bikoitza programan. Azken urte honetan lanean aritu dena Hinrich Sachs izan da eta bere lana urriaren amaieran aurkeztuko du San Telmo Museoak.