Lehen Hezkuntzako ikasleen konpetentzietan bertsolaritzak duen eragina aztertuko dute
Bertsolazale Elkartearen ikerketa deialdia irabazi du proiektuak eta egileek 4.000 euroko laguntza jasoko dute gauzatzeko
DV
Donostia
Larunbata, 27 uztaila 2024, 12:49
Bertsolaritzak Nafarroa Garaiko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleen garapen integralean duen eragina aztertuko eta ebaluatuko ikerketa lan batek, hain zuzen, Bertsozale Elkartearen ikerketa deialdia irabazi duen egitasmoak: 'Bertsolaritza eskolan delako proiektua Nafarroan: Ikasleen konpetentzietan duen eragina proiektuak' izenburua daramana. Asier Barandiaranek, Jon Martinek eta Xabat Illarregik osatutako taldeak aurkeztu du proposamena eta 4.000 euroko laguntza jasoko dute. Orain ikerketa lanari ekin beharko diote eta 2025ko uztailaren 18rako bukatu beharko dute, beranduenez.
Saritu den ikerketa proiektuaren arabera, irakaskuntza-metodoak eta material didaktikoak gaur egungo hezkuntza-beharretara egokitzeko nola eguneratu diren aztertuko dute. Gainera, bertsolaritzaren ikaskuntza-esperientzia osatzeko eta aberasteko tresna teknologikoak nola erabiltzen diren ere ikertuko dute.
Bertsolaritza irakasten duten irakasleen balorazio eta esperientziak ere bilduko dituzte, baita bertsolaritza praktikatzen duten ikasleen eta gurasoen aburuak, programaren ikuspegi osoa eta ñabardurak jasotzearren. Ikuspegi horiei guztiei esker, Lehen Hezkuntzan bertsolaritza irakastearekin lotutako onurak zein erronkak identifikatuko dituzte ikertzaileek. Azkenik, ikasleengan bertsolaritzaren aurrerapena eta onurak neurtzeko erabiltzen diren ebaluazio-metodoak behatuko ditu azterketak.
Guzti honekin, ikerlanak Nafarroa Garaiko Lehen Hezkuntzako eskoletako bertsolaritzaren ebaluazio integrala eskainiko du.
Iazko proiektua, amaitzear
Iaz saritutako ikerketa proiektua, aldiz, gauzatzear dago. 'Hiztun berriak eta ez hain berriak Nafarroako bertso eskoletan' izan zen saritutako egitasmoa; Miren Artetxe, Ekhiñe Zapiain eta Naroa Burreso aritu dira buru-belarri.
Horrela, Bertsozale Elkartearen ikerketa deialdiek azken urteotan Nafarroa Garaiko bertsolaritzari buruzko bi ikerketa lan egitea eta hirugarren bat bidean izatea eragin dute.