KMK liburutegiaren mailegu zerbitzua asteazkenean jarriko da berriro abian
Errege-Erregina Katolikoen kaleko 16. zenbakiaren behealdean kokatuko da eta 60.000 dokumentu inguru eskainiko dira
I. Altuna
Donostia
Astelehena, 24 uztaila 2023, 16:26
Duela aste batzuk Koldo Mitxelena Kulturunea itxi ondoren, asteazkenean, uztailak 26, inauguratuko da liburutegiaren mailegu zerbitzu berria, Errege-Erregina Katolikoen kaleko 16. zenbakiaren behealdean (sarbide zuzena izango du kaletik). Espazio hau dokumentuak mailegatzeko bakarrik erabiliko da (liburuak, komikiak, dvd-ak…). Eraikinean zeuden 60.000 dokumentu inguru eraman dira kokagune berri honetara, baina horrez gain, beste biltegi batzuetan dauden dokumentuak ere eskuratu ahal izango dira eskaera eginda.
Zerbitzua astelehenetik ostiralera eskainiko da, goizeko 20:30etik arratsaldeko 20:30ak bitarte. Larunbata goizetan ere zabalik izango da, 08:30etik eguerdiko 14:00ak bitarte.
Mailegu zerbitzu berri onek erabilgarri dagoen espazioa aprobetxatzen du. Liburu bat, komiki bat edo film bat maileguan hartu nahi duten pertsonek apalategiak dauden lekura sartu eta nahi duten dokumentua aukeratu ahal izango dute. Edo, ohi bezala, bertan dauden langileei eskatu ahal izango diete, laguntzeko eta izapideak errazteko baitaude. Zerbitzu hau irekitzearekin batera, dokumentuen erreserba abiaraziko da berriz, Koldo Mitxelena Kulturunearen eraikina itxi zenez geroztik bertan behera geldituta baitago. Gainera, eta berrikuntza gisa, mailegu zerbitzu berri honi esker, RFID teknologiaren bidez, hala nahi duenak automaileguak egin ahal izango ditu, horretarako instalatutako makina berriak erabiliz.
Goizane Álvarez Kultura diputatuak gogoraratu duenez «hau da berreskuratzen den Koldo Mitxelena Kulturunearen bigarren zerbitzua, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoa egokitu ondoren». Horrela, Koldo Mitxelena Kulturunearen Liburutegiak jendeari arreta ematen eta zerbitzuak martxan jartzen jarraitu nahi du obrak egiten diren bitartean. Iaz 80.000 mailegu egin ziren.