Kaleko arte eszenikoen ekoizpenerako laguntzen edizio berri bat abiatu du Karrikan plataformak
Proposamenak aurkezteko azken eguna irailaren 22a izango da
I. Altuna
Donostia
Asteartea, 10 iraila 2024, 12:48
Karrikan plataformak kaleko arte eszenikoen euskal ekoizpenerako laguntzen zazpigarren edizioa jarri du martxan. Helburua da konpainia bat hautatzea, aurtengo urritik 2026ko maiatzera bitarte bere sormen prozesua garatu eta, ondoren, lan horren emaitza taularatu dezaten. Hautatutako proposamen artistikoak ikusteko aukera izango da Gasteizko KaldeArten, Bilboko Kalealdian, Leioako Umore Azokan, Hendaiako Maiatzeko Antzerki Jaialdian edo Arrigorriaga, Zarautz eta Lekeitioko udal programetan. Proposamen artistikoak aurkezteko azken eguna irailaren 22a izango da, eta urriaren 16an jakingo da konpainia irabazlearen izena. Aurreko edizioan DAB konpainiaren eta Garazi Egiguren Urkolaren proposamenak izan ziren hautatuak.
Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, proiektuaren originaltasuna, bideragarritasuna, artisten bizilekua edo kaleak proposamenerako espazio gisa duen garrantzia baloratuko dira. Deialdi honetan zuzeneko ikuskizunaren diziplina guztiak onartuko dira (antzerkia, dantza, zirkua eta abar), baina lehentasuna emango zaie testurik gabeko edo euskarazko proiektuei. Kalean emanaldiak eskaintzen dituzten Euskal Herriko «kolektibo, artista eta konpainia berri profesionalen edo profesionalizazio bidean daudenen sorkuntza lan originalak babestea» da asmoa.
Karrikan plataformak sorkuntza prozesuan zehar hautatutako proiektua babesteko konpromisoa hartzen du, sorkuntzarako finantza laguntzarekin, sorkuntza egoitzarako aldiak proposatuz eta, beharrezkoa bada, laguntza artistikoa, teknikoa edo administratiboa emanez.
Informazio guztia www.karrikan.eu helbidean dago eskuragarri.