Javier Sada historialariari aitortza Liburu Egunean
Donostiako feriako karpan Txertoaren sortzaile Luis Jimenez de Aberasturik jendaurrean elkarrizketa egingo dio
I. Altuna
Donostia
Astelehena, 22 apirila 2024, 13:49
Ekitaldiz beteta dator astearte honetan, apirilak 23an, ospatuko den Liburu Eguna. Euskal Herriko hainbat herritan liburuak kalera aterako dira, eta idazleek irakurleekin beren esperientziak partekatzeko aukera izango dute. Donostian, Gipuzkoa plazan antolatuko den ferian hamabi postu izango dira, eta egun osoan zehar hainbat ekitaldi antolatu dira bertan izango den karpan.
Besteak beste, Javier Sada idazle eta historialariari aitortza egingo dio Txertoa argitaletxeak, «Donostiako historia ezagutarazteko urtetan egin duen lan eskergagatik», adierazi dute argitaletxetik. Omenaldi 'xume-xumea» izango dela aurreratu dute, eta horregatik aurkeztu dutela «aitortza-ekitaldia» bezala. Eguerdiko 13.45erako aurreikusi dute, eta Txertoaren sortzaile Luis Jimenez de Aberasturik Javier Sadari berari jendaurrean egingo dion elkarrizketa bat izango da. Ekitaldia aurten antolatzeko arrazoia izan da «Javierrek orain dela hilabete batzuk 80 urte bete zituelako eta hori aitzakia ona iruditu zitzaigulako», adierazi dute Txertoatik.
Egitarau zabala
Donostian ez ezik, Gipuzkoako beste hainbat herritan ere ospatuko da Liburuaren Eguna, hala nola Andoainen, Arrasaten, Billabonan, Elgoibarren, Errenterian edo Irunen «liburuaren kate osoa eta, bereziki, liburu-saltzaileen lana« aldarrikatzeko helburuarekin, adierazi zuen Adolfo López Chocarrok, Gipuzkoako Liburudenden Elkarteko presidenteak. Gainera, ohiko %10eko beherapena izango dute liburuek.
Donostian egitarau zabala antolatu da Donostia Kulturarekin elkarlanean. Horrela, aurten Harkaitz Cano izango da idazle gonbidatua, Itziar Ugartek elkarrizketatuko duena, eta Paseo Literarioaren protagonista Luis Martín-Santos izango da bere mendeurrenean.