Jaurlaritzak 70.000 euro bideratuko ditu etorkinentzako euskara ikastaroak finantzatzera
Gaur egun EAEko biztanleen %11 baino gehiago atzerrian jaiotakoak dira
I.A.
Donostia
Astelehena, 23 abendua 2024, 17:41
Munduko hainbat herrialdetako gero eta pertsona gehiago datoz Euskadira bizitzera. Ikuspegiren (Immigrazioaren Euskal Behatokia) datuen arabera, EAEko biztanleen % 11 baino gehixeago atzerrian jaiotakoak dira. Beraien gizarteratzeko prozesuan, euskara ikasteak garrantzia duenez, Eusko Jaurlaritzak HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin duen lankidetza hitzarmena luzatzea onetsi du astelehen honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren 16 urtetik gorako etorkinentzako euskarazko hizkuntza harrerako ikastaroak finantzatzeko. Honela, Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak 70.000 euro bideratuko ditu xede horretara.
Jaurlaritzaren arabera, hizkuntza harrerako ikastaroen helburua da EAEn bizi eta euskararekin harremanik izan ez duten Europar Batasunetik kanpoko etorkinak euskara ikastera bultzatzea.
Horrela, Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak luzatu egingo du HABErekin indarrean dagoen hitzarmena ikastaroak gauzatzeko eta 2025ean hizkuntza harrerako ikastaroen eskaintza bermatzeko. Era honetako lehenengo lankidetza hitzarmena 2022ko ekainaren 9an sinatu zen, eta 2023ko amaieran berritu zen.
Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI. Planak (2022-2025) oinarrizko printzipioen artean jasotzen ditu euskararen ezagutza sustatzea atzerritar jatorria edota nazionalitatea duten pertsonen artean, eta ezinbesteko baldintzatzat jotzen du atzerritar jatorriko pertsonak gizarteratzeko prozesuan aurrera egiteko.
Planaren arabera, elkarrekintza sozialerako eta norberaren ahalduntzerako ezinbesteko elementua da atzerritar jatorriko pertsonek euskara ikastea, gizarte ingurunea ezagutu eta mendera dezaten.