Iruritako saioak emango dio jarraipena txapelketari
Lehen faseko hirugarren hitzorduan sei bertsolarik hartuko dute parte
I. A.
Donostia
Ostirala, 17 urria 2025, 13:43
Iruritan jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen faseko hirugarren saioa larunbat honetan, 17:00etan hasita, Sei bertsolari izango dira kantuan Gizarte Bilgunean, finalaurrekoetarako txartel baten bila. Lehen faseko lehen saioa Eneko Lazkozek irabazi zuen Auritzen, eta bigarrenean Julio Soto suertatu zen garaile Mutiloan.
Ainhoa Larretxeak aurkeztuko du saioa, eta oholtza gainean izango dira bertsotan Amaia Elizagoien Varela, Endika Legarra Nuin, Josu Sanjurjo Alzuri, Julen Zelaieta Iriarte, Patxi Castillo Graciarena eta Xabat Illarregi Marzol. Saioko irabazleak zuzenean lortuko du finalaurrekoetan egoteko txartela; zehazki, Tafallakoan. Beste bertsolariek, datorren asteko Los Arcoseko saioarekin lehen fasea amaitu arte itxaron beharko dute, sailkatzerik duten ala ez jakiteko.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak Baztango Udalaren eta Iruritako herriaren laguntza izan du saioa antolatzeko garaian. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian; egunean bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aurrera, baldin eta aurretik Interneten agortu ez badira.
Iruritako saioaren ondotik, lehen faseko saio bakarra geldituko da jokatzeke, Los Arcosekoa hain zuzen ere, datorren asteburuan, urriaren 26an. Orduan zehaztuko da txapelketako finalaurrekoen fasean ariko direnen zerrenda. Guztira, 18 bertsolari pasako dira finalaurrekoetara, txapelketan abiatu diren 24etatik.
Hiru finalaurrekoren ostean, azaroaren 29an jarriko zaio azken puntua txapelketari, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalarekin. Orduan izendatuko da 2025eko Nafarroako txapelduna.