«Iraupen indar handiko hizkuntza txiki bat da euskara»
Donostiako azken 250 urteetako bilakaera soziolinguistikoa aztertu duen ikerlana plazaratu berri du Euskaltzaindiak
Itziar Altuna
Donostia
Asteartea, 25 uztaila 2023, 13:35
Donostiako azken 250 urteetako bilakaera soziolinguistikoa aztertzen duen ikersasioa plazaratu du Euskaltzaindiak. Mikel Zalbide euskaltzain osoak eta Lionel Joly Euskaltzaindiaren teknikariak koordinatu dute 'Donostia, euskara, eta Europako hizkuntzak perspektiba soziohistorikoan' izeneko ikerlana, 'Euskararen Historia Soziala' egitasmoaren barruan, helburu argi batekin: «Soziolinguistikaren esparruetan, iragana ezagutu behar da jakiteko nondik gatozen eta, beraz, gaur egun zer garen, eta neurri handi batean nora goazen», dio Jolyk. Liburuan, alde batetik, 1761 inguruko egoera aztertu dute hainbat ikerlarik eta, bestetik, 2016 ingurukoa. «Ondoren, bilakaerari buruzko ondorioak ateratzen saiatu gara».
Gipuzkoako hiriburua Europako giro soziokultural eta ekonomikoan ainguratutako hiria izan da eta hainbat hizkuntza erabili dira bertan ia betidanik. Mikel Zalbideren esanetan, «bost hizkuntza inguru hitz egin dira Donostian. Euskarak tradizionalki pisu demografiko handia izan du eguneroko hizkuntza arrunt gisa, baina beste hizkuntza batzuk, latinak, baskoiak, gaztelaniak edo frantsesak, beste distira eta indarra izan dute goi mailako eta idatzizko jardunean». XIX. mende arte euskarak «leku handia» izan zuen Donostian, baina poliki poliki gaztelania nagusitzen joan zen, hainbat esparrutan bere erabilera behartu zelako. «Hala ere euskarak iraun du, Europako beste lekuetan gertatu ez den bezala. Daukagun informazioaren argitan euskararen iraupen indarra nabarmenki handia izan da historian zehar, oro har, bai Gipuzkoan eta baita Donostian ere. Iraupen indar handiko hizkuntza txikia da euskara», dio Zalbidek.
Perspektiba orokorra
Liburuan hainbat adituk landutako ikerlanak jaso dira. Hasteko, Hizkuntzen Historia Soziala eta bereziki euskararen historia soziala lantzeko eredu metodologikoa aurkezten du Lionel Jolyk aurreneko atalburuan. Ondoren, Donostiako hizkuntza nagusiak historian zehar zeintzuk izan diren azpimarratzen du Mikel Zalbidek, liburuaren bigarren atalburuan. Hirugarrenean, berriz, Donostiako XVIII. mendeko egoera deskribatzen du Juan Madariagak. Koldo Larrañagak, RSBAPeko kideek, Gipuzkoako eliteek, euskarari buruz izandako iritzia eta, batez ere, praxia aurkezten du. Ondoren, bosgarren atalburuan, XXI. mendearen hasierako egoerari buruzko txostena eskaintzen dute Olatz Altunak eta Maialen Iñarrak. Azken atalburuan, EHSk sortutako metodologia erabiliz, Donostiako bilakaera soziolinguistikoa azken 250 urteko aldian lantzen dute Mikel Zalbidek eta Lionel Jolyk. «Lan horiek guztiek Donostiak izan duen bilakaera soziolinguistikoaren perspektiba orokorra ematen dute, bai perspektiba sinkronikotik zein diakronikotik» azaldu du Jolyk.
Horrela, azken urteetan datuak «lehertu» egin dira. Gaur egun Donostiak 20 aldiz biztanle gehiago ditu, eta horietatik 10.000 inguru etorkinak dira. «Egoera soziolinguistikoa eraldatu egin da, bai gizarte giroan eta bai maila soziolinguistikoan ere bai, hizkuntza harremanak biderkatu egin dira» Jolyren aburuz. «Orokorrean gaur egungo euskaldunenek ez dute XVIII. mendeko euskaldun elebakarrek baino gehiago erabiltzen euskara, hortaz, eguneroko mintzamolde arrunt gisa atzera egin du. Baina funtzionalki hizkuntzak asko irabazi du, jarduera askotan erabili daiteke, lehen sartzerik ez zuen goi-mailako esparruetan sartu egin da, besteak beste administrazioan edo hezkuntzan».