Imanol Lazkanok emango dio hasiera denboraldi berriari larunbatean
Bertsogintzaren eta Elkartearen ibilbideaz arituko da Lazkano
DV
Donostia
Ostirala, 12 iraila 2025, 17:14
Hitzetik Hortzera telebista saioak larunbatean, irailaren 13an, hasiko du astez asteko ibilbidea Imanol Lazkanorekin. Dagoeneko ezaguna zaigun formatua eta aurpegia izango du denboraldi berriak, Mirari Mariarenarena, baina zuzendari berria, Andrea Lopetegi. Ohi bezala, ETB-1en emitituko da, larunbatetan, 21:00etan, eta aurtengo denboraldia maiatzaren bukaerara arte luzatuko da.
Lehen protagonista Imanol Lazkano izango da. 2012an utzi zion bertso plazak egiteari, baina plazan aritu ez arren, ez dio utzi bertsolari izateari. Umetatik zaletu zen, eta, gerora, liluratzen zuten bertsolariekin kantatzeko eta lagun izateko aukera izan zuen, Uztapide eta Basarri, adibidez. Ezagutu zituenekoak kontatuko ditu saioan. Joxe Lizaso eta Joxe Agirre ere izango ditu mintzagai, elkarrekin plaza asko egindakoak baitira. Eta bertsolari horiekin kantuan aritu zen modu berean, ondoren etorri ziren bertsolari gazteengana egokitzea tokatu zitzaion. Aldaketa horretaz ere hitz egin du.
Bertsotan ez ezik, Bertsozale Elkartean egin zuen bidean barrena bidaiatuko du saioak. 18 urtez lehendakari izan zen, eta iraganaz ez ezik, gaur egun Elkartea nola ikusten duen azalduko du.
Gainera, saioa bukatzeko, Imanol Lazkanok jarritako bertsoak izango dira. Txapelketa Nagusiko finala Nafarroa Arenan egingo zela jakindakoan sortu zituenak kantatuko ditu.
Hala ere, ez dira programan entzungo diren bertso bakarrak izango. Bi bertso saioetako lagin bana ere izango da. Batetik, Gorlizko jaialdikoa. Beñat Vidalek jarritako gaiei kantuan ariko dira Alaia Martin, Imanol Uria, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi. Bestetik, Andoaingo Sorabilla auzoko jaialdikoa. Bertsotan ariko dira Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Ane Labaka eta Nerea Elustondo; gaiak jartzen, Amaia Agirre.