

Secciones
Servicios
Destacamos
Irakurzaletasuna suspertzea erronka bihurtu da ikastetxe askotan azken urteotan. Testuinguru horretan, Beasain BHIko irakasle eta ikasleek elkarrekin sortu dute I. Literatur Astea, apirilaren 28tik 30era bitartean ospatuko den ekimen berritzailea. Jarduera sorta zabal batekin, literaturarekiko interesa berpiztu eta ikasleak protagonista bihurtzea ditu helburu.
Ekaitz Goikoetxea, ekimenaren antolatzaileetako bat, izan da ibilbide honen lekuko eta bultzatzaile nagusietakoa. «Ikasturte hasieran hausnarketa sakona egin genuen. Azken urteetan ikusi dugu irakurzaletasunak behera egin duela, eta horrek zuzenean eragiten du irakurritakoaren ulermenean. Probetan emaitzak ez dira onak, eta eguneroko jardunean ere antzematen da. Kezka horretatik sortu zen irakurzaletasuna sustatzeko taldea», azaldu du Goikoetxeak.
Hausnarketa horren ondorioz, ikastetxeko liburutegia berritu eta eraberritu dute, espazio erakargarriago eta irisgarriago bihurtuz. «Irakurtzeko txoko atsegin bat sortu nahi genuen, eta liburu eskaintza zabaldu dugu: manga, komikia, poesia... denetarik dugu orain. Ikasleek aurkitu dezatela beren gustukoa eta irakurtzea plazer bihur dadila».
Taldearen helburu nagusiak ere argi ditu Goikoetxeak. «Hiru edo lau lankide jarduten ari gara proiektuan. Alde batetik, ikasleen irakurzaletasuna sustatu nahi dugu, eta horretarako hainbat ekintza eta egitasmo abiarazi ditugu kurtsoan zehar. Bestalde, irakurtzen dugunaren inguruko ulermena ere landu nahi dugu talde horretan, eta horretarako hainbat dinamika eta jardun prestatu ditugu».
Baina horrekin ez da amaitzen apustua. Apirilaren amaierarako antolatutako Literatur Astea izango da ikasturtean zehar egindako lan horri amaiera biribila emango dion ekitaldia. Egitarau anitza prestatu dute hilabete bukaerara begira, ikasleen parte-hartzea eta sormena ardatz hartuz. Hiru egunetan zehar literatura izango da ikastetxeko protagonista nagusia, eta ez soilik irakurketaren bidez.
Azpimarratzekoa da DBHko 3. mailako ikasleen ekimena: ipuinak prestatu eta entsegu ugari egin ondoren, bi egunez herriko beste ikastetxeetan ipuin kontalari lanetan arituko dira gazteak. «Azken bost asteetan aritu dira ipuinak prestatzen, eta 15 edo 16 saio eskainiko dituzte herriko beste ikastetxeetan (ikasle gazteagoei). Horrela, ahozkotasuna, jendaurrean hitz egitea eta entzulearen arreta lantzen dute praktikan. Klasean lantzen den hori gelatik atera nahi dugu», dio Goikoetxeak.
Bigarren eskuko liburu azoka ere izango da ekimenaren parte, eta ikasle, irakasle zein gurasoek liburuak trukatzeko aukera izango dute. «Parte hartzaileak liburuak ekartzen ari dira azken asteetan, eta trukean bono bat jasotzen dute, gero gustuko liburu bat aukeratzeko. Irudi oso polita izango da, guztion artean osatutako azoka bat».
Beste ekintza berezi bat, 'Liburu influenzerrak' izenekoa izango da: irakasle, guraso eta idazleek gustoko dituzten liburuen gomendioak grabatu dituzte bideo batean, ikasleei helarazteko. «Ikasleek ikusiko dute zer irakurtzen duten helduek, zergatik gustatzen zaien eta horrek motibatu ditzake irakurtzera. Erreferente hurbilen bidez transmititu nahi dugu irakurketaren balioa».
Eta egitarauko momentu berezienetako bat apirilaren 29an iritsiko da: Zuhaitz Gurrutxagaren bisita. Batxilergoko 1. mailako ikasleekin bilduko da Usurbe antzokian, eta bere 'Subcampeón' liburua aurkeztuko du. «Komiko ezagun bat izanik, bere istorio pertsonala oso era erakargarrian kontatzen du, eta gazteek berehala konektatzen dute berarekin. Bere ahotik entzutea luxua izango da», dio Goikoetxeak.
Literatur Astearen kartela bera ere ikasleek sortu dute, lehiaketa baten bidez hautatutako lana izanik. «40-50 ikaslek hartu dute parte, eta horrek erakusten du proiektuarekiko interesa eta konpromezua. Hasieratik inplikatu dira, eta hori funtsezkoa izan da arrakastarako»
Ekimen honek, gainera, ikasleen rola aldatzea du helburu: hartzaile pasibo izatetik, eragile aktibo izatera pasatzea. «Ikasleak parte bihurtzen ditugun einean, ikasiko dute egiten duten horrek ondorioak dituela, ardura bat dutela, eta detaileak zaintzearen garrantziaz jabetuko dira. Hori da hezkuntza eraldatzailearen oinarria».
Beasain BHIko I. Literatur Asteak ez du amaiera izango apirilaren 30ean. Aitzitik, bidea ireki du etorkizuneko proiektuetarako. Goikoetxeak garbi du «lehen esperientzia honek aukera emango digu hurrengo urteetan hobetzeko eta eguneroko jardunean sakontzeko. Oso proiektu interesgarria da, eta uste dut denoi –ikasle, irakasle eta komunitate osoari– ekarpen handia egiten diola».
Beasaingo BHI-k erakutsi du literaturak oraindik baduela indarra, batez ere ikasleek hitza hartzen dutenean. Irakurketaren bidez, entzutea, kontatzea eta partekatzea ere ikasten da eta.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.