Haurren buru osasuna bultzatzeko ohitura onak sustatzen dituen liburua
Gasteizko ikasleek idatzi eta ilustratu dute 'Osasun hitzak - Palabras saludables' ipuinen liburua
DV
Donostia
Astelehena, 22 apirila 2024, 19:34
Gasteizko lehen hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako 635 neska-mutilek idatzi eta ilustratu duten 'Osasun hitzak - Palabras saludables' ipuinen liburuak haurren artean buruko osasuna bultzatzeko ohitura onak sustatzen lagunduko du. Ikasturte honetan hiriko zazpi ikastetxetan egindako tailerraren emaitza da liburua, 100 orrialdeetan banatuta dauden 28 ipuinek osatzen dutena.
Liburuaren aurkezpenean azaldu dutenez, 'Gasteizko haurren eta nerabeen egoerari buruzko azterlan diagnostikoa' ikerlanak buruko osasuneko arazoak dituzten neska-mutilen eta nerabeen ehuneko handia eta egoera animiko horiek bieratzeko arreta eskaerak izandako gorakada detektatu zituen.
Raimundo Ruiz de Escudero Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken zinegotziak gogorarazi duenez, udalaren misioa da hiriko neska-mutilen eta nerabeen eskubideak zaintzea, haien beharrei erantzuna emango dieten prebentzioko eta babeseko ekintzen bidez ongizatea lortzeko.
Udal eskumenetako bat prebentzioa denez, Gasteizko Udalak buruko osasunerako ohitura onak sustatzeko kanpaina bideratzea erabaki zuen, eta horrela sortu zen 2022an 'Gelditu indarberritzeko. Onartu, eraldatu eta baloratu zure osasun mentala' kanpaina. Ekimenak jarduera eta ekintza ugari biltzen ditu eta 2023an eta 2024an ere jarraitu dute.
Hain zuzen ere, 2023ko irailetik abendura bitarte egindako jardueretako bat izan zen haurrek idatzitako eta ilustratutako ipuinak sortzeko tailerra, 'Osasun hitzak - Palabras saludables' izenekoa. Bertan, haurrek aukeratutako eguneroko egoeren bidez emozioak landu eta buru osasunerako ezinbestekoak diren gaiak jorratu zituzten, hala nola emozio eta sentimenduei buruzko gogoeta eta haurtzaroan eta nerabezaroan ohitura osasungarriak sustatzea.
«Helburua, alde batetik, ipuinaren gai nagusi gisa haurren buru osasunerako ohitura onak sustatzea zen eta, bestetik, gaur aurkezten ari garen liburua osatzen duten ipuinen eta ilustrazioen sorkuntza kolektiboaren bidez irakurzaletasuna eta sormena bultzatzea. Haurrek pertsonaiak eta istorioak asmatu dituzte beren buru osasunerako hain garrantzitsuak diren alderdiak lantzen ari zirela, hala nola emozioen identifikazioa eta kudeaketa, entzutea, adieraztea, negoziatzeko eta adosteko trebetasunak eta abar», azaldu du Ruiz de Escuderok.
Talde lana
Tailerra sei saiokoa izan zen, eta guztietan taldeko lanaren garrantzia azpimarratu zuten liburuaren azken bertsioa emaitza kolektibo izan zedin.
Bada, jardueratik ateratako ilustrazio eta ipuinen liburua aste honetan zehar aurkeztuko da Zabalganako, Salburuko, Hegoaldeko eta Ibaiondoko gizarte etxeetan eta 635 egileei emango zaie. Gainera, liburua familia liburutegietan eta gizarte etxeetako topaketa aretoetan ere ikusgai izango da.