Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatu nahi da liburutegietatik
Eusko Jaurlaritzak 350.000 euro bideratuko ditu liburutegi publikoetan antolatzen diren ekimenetara
I. A.
Donostia
Osteguna, 13 uztaila 2023, 13:12
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 350.000 euro bideratuko ditu Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi zerbitzuen erabilera eta irakurzaletasuna sustatzeko. Jaurlaritzako arduradunek jakinarazi dutenez, batez ere «haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko», eta «Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan egiten diren kultura eta liburutegi zerbitzuak hedatzeko jarduerak» lagunduko dira diruz.
Horrela, diru laguntza jaso ahalko dute irakurzaletasuna sustatzeko profesionalei prestakuntza espezifikoa emateko jarduerek, irakurketako jarduera osagarriek, liburuaren inguruko erakusketa bibliografikoak edota solasaldiak antolatzea, literatura lehiaketek eta liburua eta liburutegiak sustatzeko kanpainek, bereziki haur eta gazteen artean irakurle berriak erakartzeko.
Laguntza hauek banatzeko irizpidea biztanleriaren araberakoa izango da, eta erakunde onuraduneko 0 eta 18 urte arteko haur eta gazteen biztanleria hartuko da kontuan. Erakundeek aurkeztutako proiektuen aurrekontuaren %75erainoko diru laguntza jaso ahal izango dute, eta laguntza ez da inoiz izango 30.100 eurotik gorakoa.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia irailean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Liburuekiko eta liburutegiak erabiltzeko ohituraren sustapena indartzeko iazko deialdiarekin alderatuta, aurtengo aurrekontua 20.000 euro handitu da, batez ere haur eta gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko. Iazko deialdian 150 udalek jaso zuten Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko diru laguntza.