Garazi Navarro Amorotoko bertsolari gaztea txapeldun Lizardi Sarian
Algortako Unai Mendiburu izan da bigarren eta Hernaniko Iker Ormazabal hirugarren
A. Urbieta
Donostia
Igandea, 3 iraila 2023, 21:39
Garazi Navarro Ugarteburu Amorotoko bertsolariak irabazi du Zarauzko Euskal Astearen baitan jokatzen den Lizardi Saria, finalean beste bost bertsolari gazteri gailenduta. XLVII. edizioa jokatu da aurtengoan Zarautzen eta bi kanporaketen ostean, sei gaztek lortu zuten Modelo aretoan egin zen finalerako txartela. Navarroren atzetik, Algortako Unai Mendiburu izan da bigarren eta berak irabazi du, baita ere, bertso onenaren saria epaimahaiaren aburuz. Hirugarren sailkatua Hernaniko Iker Ormazabal izan da: laugarrena Berako Ekhiñe Zapiain; bosgarrena Hazparneko Irantzu Idoate eta seigarrena Abadiñoko Bittor Altube, hain zuzen kanporaketa saioan zuzenean sailkaturikoa, Ekhiñe Zapiainekin batera.
18-25 urte bitarteko 16 bertsolarik hartu dute parte aurtengo Lizardi Sariko bi kanporaketetan. Lehenengoan, aipatu Bittor Altube eta Unai Mendibururekin batera, Aroa Arrizubieta (Gasteiz), Ekain Alegre (Altsasu), Amets Aizpurua (Getaria), Maddi Aiestaran (Beasain), Urko Arregi (Oñati) eta Josu Ibarguren (Oiartzun) aritu ziren.
Bigarrenean beste zortzi bertsolari igo ziren oholtza gainera. Finalerako sailkapena lortu zuten Navarro, Zapiain, Ormazabal eta Idoaterekin batera, Uxue Alkorta eta Uxue Ostolaza zarauztarrak, Igor Galartza (Abadiño) eta Lierni Rekondo (Lasarte-Oria) aritu ziren bertsotan.
Garazi Navarrok, honenbestez, Aner Peritzi hartu dio lekukoa, zarauztarra izan baitzen iaz Lizardi Sariko txapela jantzi zuena.
Zarauzko Euskal Jaiak
Bertsolari gazteek zabaldu zuten, hala, Zarauzko aurtengo Euskal jaietako egitaraua, baina, ondoren, irailaren 9ra arte ez du etenik izango denetariko ekitaldiekin. Hala, besteak beste, irailaren 4an, helduen binakako dantza txapelketa jokatuko da; 5ean herriko taldeen jaialdia egingo da, 'Zatoz Irulegira' izenburuarekin; irailaren 6an, trikitilari gazteen txapelketaren beste edizio bat jokatuko da; 7an, bikote gazteen dantza txapelketa; irailaren 8an, plaza dantzak eta Salbea Zarautz abesbatzarekin eta, egun handia, noski, irailaren 9ko Euskal Jaiarena izango da. Aurten larunbata izanik jendetza espero da.