Galtzagorriren Liburu Gaztea lehiaketak baditu irabazleak
Bizkaiko eta Gipuzkoako 3.000 bat gaztek parte hartu dute eta maiatzaren 29an izango da sari banaketa Tabakaleran
DV
Donostia
Igandea, 19 maiatza 2024, 19:48
Bizkaiko eta Gipuzkoako 3.000 gazte inguruk parte hartu dute Galtzagorri elkarteak antolaturiko Liburu Gaztea lehiaketan, eta bi lurraldeotako sari banaketa ekitaldiak maiatzaren 23an eta 29an egingo dira Bilbon eta Donostian, hurrenez hurren. Finalisten arteko kategoria bakoitzeko irabazleak ezagutaraziko dira bertan, baita publiko zabalaren booktrailerrik bozkatuenak ere.
Galtzagorri elkarteko iturriek jakinarazi dutenez, Liburu Gaztea Gipuzkoako Foru Aldundiari esker egin da lurralde horretan azken 12 urteetan, eta bigarren edizioa bete du Bizkaian, Bizkaiko Foru Aldundiari esker.
Gazteek Galtzagorri elkarteak hautatutako liburuetako bat irakurri eta horren inguruko booktrailer bat sortu behar izan dute taldeka. Egitasmoak gazteen irakurzaletasuna sustatzea eta euskal gazte literatura zabaltzea ditu xede.
Horrela, egitasmoaren 12. edizioan 257 booktrailer jaso dira Gipuzkoako DBHko ikastetxeetatik eta 1.700 gazte inguruk parte hartu dute. Bizkaian, bigarren edizioak «arrakasta handia« izan du, eta 105 booktrailer jaso dira eta 1.300 ikasle inguruk parte hartu dute. Kategoria bakoitzean 3 finalista sailkatu dira eta sari banaketa ekitaldian ezagutuko zeintzuk izan diren irabazle.
Sari banaketa
Gipuzkoako sari banaketa ekitaldia, maiatzaren 29an izango da, 11:00etan, Donostiako Tabakaleran. Beatriz Egizabalek aurkeztuta, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiak, Juan Kruz Igerabide idazle eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak, Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editore eta idazleak eta Arrate Egaña idazleak emango dituzte sariak.
Sari banaketa streaming bidez ere jarraitzeko aukera egongo da