Euskarari eta euskal kulturari tartea egingo dio larunbatean Eñe jaialdiak Madrilen
Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Miren Iza (Tulsa), Telmo Irureta, Jose Mari Goenaga, Itxaro Borda, Sara Fantova eta Beñat Sarasola izango dira bertan
I. A.
Donostia
Osteguna, 13 azaroa 2025, 13:35
Euskara eta euskal kulturan sakonduko du aurten ere Madrilen ospatzen den Eñe jaialdiak larunbatean. Etxepare Euskal Institutuak sustaturik, Katixa Agirre idazle gasteiztarrak ondu duen programazioak Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Miren Iza (Tulsa), Telmo Irureta, Jose Mari Goenaga, Itxaro Borda, Sara Fantova eta Beñat Sarasola sortzaileak bilduko ditu, «plazer garaikideen inguruan» solasean jartzeko.
Izan ere, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, 'Plazera, aldarri iraultzaile bat' lelopean, Eñe jaialdiaren programazioak gozamena eta askatasuna literaturatik, norbere identitatetik eta esperimentazio artistikotik hausnartzeko aukera eskainiko du, «lurraldearen kultur bizitasunaren isla diren belaunaldien eta diziplinen arteko elkarrizketa sorta txirikordatuz». Horrela, desiraren eta sorkuntzaren ñabarduretan sakonduko duten hiru hizketaldi izango dira larunbatean Madrilgo Arte Ederren Zirkuluko dantza aretoan, «belaunaldi eta sorkuntza diziplina ezberdinen arteko ahotsak aurrez aurre jarrita».
Euskal literaturaren leihoa 11:30ean hasiko da, 'millenial plazeraren' inguruko solasaldia tarteko. Bertan, Sara Fantova zinema zuzendariak, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak eta Beñat Sarasola idazle eta poetak hartuko dute parte. Ezegonkortasun egoeretan gozatzen ikasi duen belaunaldiaz eztabaidatuko dute, ironia, samurtasuna eta errebeldia hiruak helduleku izango dituztelarik.
Ondoren, 13:30ean, 'El placer de la melancolía' ('Melankoliaren plazera') solasaldiak Miren Iza (Tulsa) musikaria eta Espainiako Poesia Sariaren irabazle Miren Agur Meabe idazlea batuko ditu, eta beren hizketaldiak tristeziari helduko dio, plazerak dituen efektu sentsorial eta sortzaileak abiapuntu hartuta.
Azkenik, 17:45ean, Telmo Irureta aktoreak, Jose Mari Goenaga zinema zuzendariak eta Itxaro Borda eleberrigile eta poetak pantailetan eta literaturan queer plazeren inguruko hizketaldiari ekingo diote. Hiru sortzaileok ere, desira, askapena, eta ezberdintasuna hartuko dituzte mintzagai sorkuntza eta erresistentzia eremu oparo gisa.