Euskal kulturak zineman, historian eta filosofian dituen erronkak aztergai
Josu Martínez zinema-zuzendaria, Xabier Irujo historialaria eta Alaitz Aizpuru filosofoa izango dira hizlari bihar Mondragon Unibertsitateak antolatutako jardunaldian
I. A.
Donostia
Asteartea, 7 maiatza 2024, 13:33
Euskal kulturak zineman, historian, filosofian eta beste arlo batzuetan dituen erronkak jorratuko dituen jardunaldia antolatu du Mondragon Unibertsitateak. Topaketa bihar, asteazkena, burutuko da arratsaldez, 16:00etatik 18:15era bitartean Eskoriatzako campusean, eta bertan euren lan-arloetan aski ezagunak diren hiru parte-hartzaile izango ditu, hala nola Josu Martínez zinema-zuzendaria, Xabier Irujo historialaria eta Alaitz Aizpuru filosofoa. Bakoitzak, bere lan-eremuaren ikuspuntutik hitz egingo du, 'Sasi guztien artetik' izenburua daraman ekitaldia.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak sustatzen duen Euskal Kulturaren Eragiletzako Masterraren baitan antolatu da jardunaldia hau. Master honen helburua kultur eragileen harrobia prestatzea da, hau da, hezkuntza arautuan eta ez-arautuan nahiz udaletako edota beste erakunde publiko batzuetako kultura-arloetan jardungo duten profesionalak prestatzea. Unibertsitatetik nabarmentzen dutenez, «euskal kulturak desafio ugari ditu aurrean, eta horiei erantzuteko gai izango diren eragileak trebatzea beharrezkoa» da.
Hizlariak
Biharko ekitaldiari dagokionez, Josu Martínezek (Bilbo, 1986) euskarazko zinemaren inguruko aurreiritziak, zailtasunak eta erronkak izango ditu hizpide. Dozena bat film zuzendu ditu, bai fikziozkoak, bai dokumentalak, betiere euskaraz, kultura-oroimenari lotutako gaiei buruz. 'Bizkarsoro' izeneko filma aurkeztu du berrikitan, eta zenbait herritan proiektatzen ari dira dagoeneko
Xabier Irujo (Venezuela, 1967) historialariaren kasuan, hizkuntza nagusien kultura-indarkeriak nola, kasu gehienetan, beste hizkuntzak desargetzera daramatzan azalduko du.
Azkenik, Alaitz Aizpuruk (Azpeitia, 1983) egungo egoerari eta etorkizunekoari helduko die eta azpimarratuko du euskaldunok orain (berriz ere) eta etorkizunean «mundu propioa» eraikitzearen garrantzia, « baldin eta globalizazioaren ondorioz jasaten dugun neurriz gaineko kultura-higaduratik bizirik irten nahi badugu.
Jardunaldia irekia izango da baina, parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea.