Erronka mitologikoa burutuko da Ataunen
Barandiaran museoak abuztuan zehar jentilen mundua ezagutzeko aukera ematen du familiei
Barandiaran museotik abiatuta, jentilen munduan murgiltzeko aukera egongo da. Ataungo San Gregorio auzoan kokatzen museoan erronka berezia proposatzen dute abuztuan zehar egun desberdinetan burutzeko. Ostegun eta ostiral guztietan, goizeko 10:30etik aurrera, eta hilak 10, 15 eta 24an, erronka mitologikoan parte ahrtzeko izango dute bertaratzen diren guztiek. Familian eta lagun artean egiteko erronka bat dela diote museotik eta asko ikasteko aukera duen esperientzi ezin hobea.
Esaera zahar batek dio «izena duenak, izana du». Jose Miguel Barandiaran beti aritu zen izena zuen guztia ikertu nahian. Horregatik Ataunen, bere jaioterria, Euskal mitologiarekin lotutako izen eta kondaira ugari aurkitu daitezke.
Abiapuntu horretatik Barandiaran Museoak mitologian oinarritutako orientazio jolas berria eskaintzen du, erronka mitologiko bat da hain zuzen ere. Jolasa ibilaldi bat gauzatuz euskal mitologiako pertsonaiak ezagutzeko aukera eskainiko duen digitalizaturiko jardun laburra izango da. Barandiaranek egin zuen bezala, pertsonaia mitologikoen urratsen atzetik San Gregorio auzoa ezagutuko da. Kondairak ezagutuko dira eta azken erronka osatu beharko da.
Ez dakigu jentil edo lamiarik agertuko den, baina familian edo lagunen artean goiz ederra pasatzeko aitzakia bikaina izango da.
Aurretik izena ematea ezinbestekoa da barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikoan edo 943 180 335 / 688 895 069 telefono zenbakietara deituz. Helduak 6 euro eta 12 urtetik beherakoak 4 euro ordaindu beharko dituzte parte ahrtzeko eta nmuseotik aditzera eman dutenez, ezinbestekoa da izena ematea.
Asko iaksteko
Ataunen pisu handia duen gaia baita mitologia. Ataundarrek dioten bezala, «Herria aspaldidanik egon da murgildua nekazal eta abeltzain munduan eta, beraz, naturaren esanetara. Honela bada, prozesu naturalei zein arriskuei aurre egiteko edo beraietatik babesteko, kondairak ingurunea ulertzeko tresna izan dira beti; beste azalpenik ezean, herritarrek euren buruak lasaitzeko edo ernetzeko erabiliak».
Honetarako Ataunek ingurune paregabea eskaintzen du bere mendi, koba, trikuharri eta abarrez josirik. «Ahozko tradizioaren parte izanik, batzuetan kondairak bere horretan mantendu dira urteetan zehar; beste batzuetan aldiz, ahoz aho ibiltzean izen desberdinak hartuz, kokalekuak aldatuz,… aldaketa asko jasan dituzte. Kondairak unibertsalak eta aldi berean lokalak dira beraz. Eta egungo teknologia berrien eta industrializazioaren itzalean, auzo-lanean nahiz taldean kontu-kontari aritzeko ohiturak agortzean, soka hau leku gehienetan ia eten egin da», diote ataundarrek.
Ataunen ordea, Joxemiel Barandiaranek egin zuen nahikoa lan hau gerta ez zedin. «Ahozko tradizioa paperean bilduz utzi zion herriari altxorra, betiko sinismena manten zedin. Honi esker ezagutzen dira Ataunen hainbat eta hainbat txoko zein istorio mitologiko, herritarren artean urtero San Martin jaietan Jentilen Etorrera ospatuz ezagutarazten direnak», azpimarratzen dute.
Asko dago ikasteko Ataunen basojaun, San Martintxiki, sorginak, lamiak, jentil eta bestelako pertsonai mitologikoen inguruan.