Erika Olaizolaren 'Salbe, publikoa' lanak zabalduko ditu ostegunean Euskal Antzerki Topaketak
Dinamoa Sormen Gunean izango da lehen saioa, 19:00etan hasita eta sarrerak kulturaz.eus atarian ere eskura daitezke
Eli Aizpuru
Azpeitia
Asteazkena, 1 azaroa 2023, 18:21
'Salbe, publikoa' antzezlanak zabalduko ditu ostegunean, azaroak 2, Azpeitiko 41. Euskal Antzerki Topaketak. Debako Goaz taldearen lan berriena da 'Salbe, publikoa' eta Erika Olaizola azpeitiarrak zuzendu du. Dinamoa sormen gunean izango da ikusteko aukera,19:00etan hasita. Josu Iriondo, Amaia Arotzena, Joseba Eskudero, Mattin Urbieta, Irati Baroja eta Pili Litago dira antzezlanean parte hartzen duten aktoreak.
Topaketen lehen asteburu honetan beste bi antzerki emanaldi ikusteko aukera ere izango da: Honela, ostiralean, azaroak 3, Artedramaren 'Hondamendia' lana taularatuko da; igandean berriz, azaroak 5, 'Higa' aurkeztuko du Zestoako Eromen Produkzioakek. Biak ala biak toki eta ordu berean izango dira, Soreasu antzokian, hain zuzen ere, 19:00etan.
Aurten, Euskal Antzerki Topaketak «protagonismo berezia» eman nahi izan dio belaunaldi berriei. Obra berezi bat ere hartuko du Soreasuk:' Badon*', eta horrek itxiko ditu topaketak azaroaren 23an. Korrika Kulturalaren barruan eta Kulturazek sustatutako sormen egonaldietan ondutako proiektua da Badon*.
Bestalde, azaroaren 15era bitartean, 'Txotxongiloekin jolasean', Corrado Masacci-ren erakusketa zabalik izango da Betharrametako erakusketa aretoan. Aurten, gainera, Masacciren erakusketaz gain, txotxongiloek bere leku propioa izango dute antzerki topaketetan. Izan ere, kulturaz kooperatibak Topic museoarekin elkarlanean adostu du hitzordua eta Tolosako Topic museoaren zatitxo bat Azpeitira ekarriko dute. Soreasu antzokiaren sarreran jarriko dituzte Topic museotik ateratako txotxongilo sorta ikusgai, eta bildumaren xehetasunez gozatzeko aukera izango dute herritarrek antzerki emanaldien aurretik eta ondoren.