Dislexiaren inguruko festa antolatu da zapatu honetan Azkoitian
Gipuzkoako Dislexia Elkarteak (Dislegi) hainbat ekintza antolatu ditu dixlesia zer den ezagutarazteko
Eli Aizpuru
Azkoitia
Asteartea, 7 martxoa 2023, 18:39
Dislegi, Gipuzkoako Dislexia Elkarteak, dislexiaren inguruko festa antolatu du zapaturako, hilaren 11rako, Azkoitian. Honela, dislexia zer den ezagutarazteko informazio mahaia jarriko dute herriko plazan, eta festa giroan askotariko ekintzak egingo dituzte goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean.
Aurreikusitako programazioaren arabera, Dislegi elkarteko zenbait kide herriko plazan izango dira eta dislexiari buruzko informazioa eskainiko diete herritarrei. Hain zuzen, dislexia zer den, inguruko pertsonen artean dislexia nola igarri daitekeen eta dislexia kasu baten aurrean nola jokatu behar den azalduko dute. Informazio mahaiaz gain, bestelako hainbat ekintza ere egingo dituzte: aurpegia margotzeko mahaiak, buruhandiak eta denbora-pasak izango dira haurrentzat goizean zehar, baita puzgarriak, musika eta dantzak ere.
Gainera, zapatuko festarako osatu duten bertso bat ere kantatuko dute elkarteko kideek. Silvia Elorriaga idazleak, berriz, irakurketa erraza zer den azalduko die plazatik igarotzen diren herritarrei eta liburuak ere sinatuko ditu.
Hilaren 29an, bestalde, 'Dislexia, zer da eta zer egin?' inguruko hitzaldia eskainiko dute Dislegiko adituek Elkarguneako Oteiza aretoan.
Dislexia Ikaskuntzako Berariazko Zailtasuna (KDA) da, jatorri neurobiologikoa du, eta honako ezaugarri hauek ditu: hitz idatziak ezagutzeko doitasunean eta arintasunean zailtasunak izatea, eta irakurtzeko eta letreiatzeko trebetasunetan gabezia izatea.
Dislegi elkartea 2015an sortu zen, Gipuzkoan dislexiaren inguruan laguntza eskatzen zuten familiei erantzuteko helburuarekin. dislexiaren eragin akademikoa eta soziala murrizteko tresnak eskainiz eta aholkuak emanez. Era berean, modu aktiboan lagundu nahi dute ikasteko zailtasun hori ezagutarazten, gizartea sentsibilizatzen eta kolektibo horrentzako aukera-berdintasuna lortzen. Larunbatean Azkoitian antolatu duten jardunaldia helburu horrekin antolatu dute.