Bilboko Kirikiño ikastolak antolatuko du 2026ko Ibilaldia
'Hiri kiribili bil!' lelopean Bilbon euskaraz bizitzea eta toki guztietan erabili ahal izatea izango du helburu festak
DV
Donostia
Larunbata, 12 uztaila 2025, 18:12
Bilboko Kirikiño ikastolak antolatuko du 2026. urteko Ibilaldia, maiatzaren 31n, 'Hiri kiribili bil!' lelopean, eta denok familia zein lagunekin «euskaratik eta euskaraz gozatzeko eguna» izatea da antolatzaileen asmoa, aurkezpenean azaldu dutenez.
Ikastolako guraso, ikasle eta langileek egindako sormen tailleraren emaitza dira leloa bera eta logoa, «ideien partekatzearen eta elkartrukatzearen ondorioa, haurren marrazkiak abiapuntutzat hartuta». Beraz, leloa eta logoa «guztion artean egindako lanetik jaio da», ikastolari izena ematen dion Ebaristo Bustinza 'Kirikiño' idazleak hain gogoko zituen hitz jokoez baliatuta.
Bizkaiko ikastolen aldeko festaren helburu nagusia Bilbon euskaraz bizitzea eta toki guztietan erabili ahal izatea izango da. Era berean, euskararen transmisioa eta erabilera erdigunean jartzea ikas komunitatean eta hiriko gizarte osoan, eta euskal kulturan oinarritutako hezkuntza eskaintza sustatzea eta ikusgarri egitea dira beste xede batzuk.
Gainera, auzogintzan eta herrigintzan errotutako hezkuntza eraldatzailea eta berritzailea bultzatzea eta ikasleen ongizate emozionala zaintzeko eta lehenesteko gune eta esperientziak sortzea bilatuko dute.
Orobat, Kirikiño ikastolaren proiektua sendotzea eta bere nortasuna eta proiektu kooperatiboa zabaltzea, ezagutaraztea eta finkatzea dira 2026ko Ibilaldiaren beste helburuak, bai eta «ikastolaren ezaugarri diren bikaintasuna eta zoriontasuna lortzea» ere.
Era berean, ikastola errotu nahi dute Txurdinaga, Otxarkoaga, Santutxu, Begoña eta inguruko auzoetan, bai eta Bilbo osoan ere, «ikastola hiri osoarekin konektatuz». Azkenik, hezkuntza espazioen eraldaketa proiektuari babesa eman nahi diote, Ibilaldiaren bitartez baliabide ekonomikoak lortuz.
Herrigintza eta komunitatearen aktibazioari dagokionez, Bilbo euskaldunaren aldeko herritarren parte hartzea aktibatu, herriko eta auzoko talde eragileekin elkarlana indartu eta euskarazko aisialdi eta kultur ekimenetarako erreferente dinamikoa izatea nahi dute 2026ko Ibilaldiaren antolatzaileek.