Bertso udalekuen azken bi txandak martxan dira
Bidarrain amaitu berri dute hamar eguneko egonaldia 40 gaztek
I.A.
Donostia
Ostirala, 25 uztaila 2025, 13:07
Bertso udalekuen bigarren txanda amaitu berri da. Hamar eguneko egonaldia egin dute Bidarrain (Baxenabarre) 16-18 urteko 40 gazteek eta dagoeneko hirugarren eta laugarran txandan parte hartuko duten gazteak iritsi dira Zuhatzara eta Sarriara.
Uztailaren 14an eman zioten hasiera udalekuari eta hainbat jarduera egiteko aukera izan dute parte-hartzaileek: zikin olinpiadak, sardinak latan, dramatizazio tailerra, infiltratuak jolasa, gau misteriotsua, scape room herrian zehar, 'Intzank hik' eguna, Mihiluze, herriko festak (txupinazoa, barrakak, kamiseten serigrafia, zikiro jana eta furgo-farra durumarekin), idazketa tailerra, mikro irekia... Bidarraiko ibaian rafting egin dute eta inguruko parajeetan via ferrata ibilbidea ezagutu dute.
Bertso Udalekuek irauten duten bitartean parte-hartzaileek zuzeneko harremana izaten dute bertsolariekin eta, hain zuzen, txanda bakoitzean bertso afaria egiten da. Bidarrain Miren Artetxe eta Sustrai Colina bertsolariekin gozatu ederra hartu zuten gazteek bertso afarian. Gainera, rap tailerra eta kontzertua ere egin zuten Arabako eta Lapurdiko raperoen eskutik, Gasteizko Unai Zugazua eta Martin Ziarrusta eta Bokaleko Oihan Perez raperoei esker.
Azken bi txandak
Bertso Udalekuen hirugarren eta laugarren txandek hartu dute azken erreleboa, Arabako bi aterpetxetan: 9-11 urteko 48 haur Zuhatzako irlan dira bost eguneko egonaldian eta 14-15 urteko 40 gazte Sarriako aterpean, astebetez. Aurtengoa Bertso Udalekuen 27. edizioa da eta 196 partaide elkartuko ditu; horietatik %87 bertso eskoletan dabiltza eta %77 iaz ere Bertso Udalekuetan izan zen. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako gazteen elkargune dira lau txandak.
Lehen Bertso Udalekua Hazparnen egin zen 1998an Bertsularien Lagunak Elkarteak eta Uda Leku Elkarteak antolatuta. Ordutik Euskal Herri osoko haur eta gazteek hartu dute parte eta euskalki aniztasuna izan da ezaugarri nagusienetako bat.