Aukeratu Memeka lehiaketako zure lanik gogokoena igandera arte
Guztira, 30 meme dibertigarri igaro dira azken fasera, eta boto edo like gehien jasotzen dituzten bi lanak izango dira irabazleak
Jan Echevarría
Asteazkena, 12 azaroa 2025, 13:15
Hilabete eta erdi eskas igaro da Azkue Fundazioak eta Iametza enpresak Memeka lehiaketaren edizio berria martxan jarri zutenetik, memeak sortuz gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko. Bada, ekimena bozketa fasera iritsi da eta antolatzaileek gogorarazi dute «bozkatzeko azken eguna azaroaren 16a, igandea,» izango dela.
Euren hitzetan, «guztira 30 meme dibertigarri igaro dira lehiaketaren bigarren fasera, eta boto edo like gehien jasotzen dituzten biak izango dira irabazleak». Halaber, azpimarratu dute, azken fasera igaro diren memeak kuxkuxeatzeko memeka.eus web orrian edo lehiaketako Instagramean (@memeka) eta Pixelfedean (memeka.eus) sartu behar dela, eta gogokonei like eman.
Bi sari izango dira: 200 euro webgunearen bidez boto kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat, eta 150 euro Memekako Instragram eta Pixelfed kontuetan (biak batuta) like kopuru gehien jasotzen dituenarentzat. Saritutako memeekin serigrafiatutako kamisetak ere jasoko dituzte irabazleek. Lehiaketaren meme irabazleak azaroaren 17an iragarriko dira memeka.eus webgunean eta sare sozialetan.
Umorea, satira, ironia...
Jakina denez, interneteko kulturan, memea umorezko mezu sinplea da, zabalkuntza handi eta azkarrekoa, eta, gehienetan, jatorrizko irudi, bideo edo testu baten nahasketa satirikoan oinarritzen dena. Hau da, memeak komunikazio elementuak dira gazteentzat, eta bereziki sare sozialen eta mezularitza programen bidez partekatzen dituzte, euren sentimenduak adierazteko, egoera bat azaltzeko edo besterik gabe lagunekin dibertitzeko. «Umorea, satira eta ironia lantzen dituzte gazteek grafikoen bidez, eta hizkuntza funtsezko elementua bilakatzen da jolas horretan», esan zuten antolatzaileek aurkezpenean.