Seme-alaba profesionala
«Unibertsitate publikoaren plaza faltak 3.000 eurorainoko diru-erreserbak egitera bultzatzen ditu euskal familiak unibertsitate pribatuan». Gurasoek kezkatuta irakurri dute albistea, eta zalantzaz beterik ... daude, seme-alaba zaharrenari aurki helduko baitzaio pauso hori emateko ordua. Askotxo iruditzen zaie erreserba modura kopuru hori ordaintzea, baldin eta azkenean atzera egiten badute. Jakin badakite seme-alabak ez duela behar beste ikasi, eta horrek hainbat ate itxi ahal dizkiola.
Gauzak horrela, seme-alabari dei egin diote, etortzeko etxeko egongelara, esertzeko sofan. Eta hasi dira hizketan gurasoak. Ea zer egin behar duen, ea argi duen etorkizuna. Ikasketak, erreserbak eta dena delakoak oso garesti daudela, ez bakarrik kalifikazioari dagokionez, baita ordaindu beharreko kopuruari dagokionez ere. Seme-alabak baiezkoa egin die buruarekin, eta esan die seme-alaba profesionala izango dela etorkizunean, ogibide hori aukeratuko duela. Gurasoak hil arte biziko dela lanbide horretan, eta, ondoren, heredatu beharrekoarekin moldatuko dela erretirorako.
«Baina hori ez da lanbide bat», gurasoek harriduraz, elkarri begira. Seme-alabak, ordea, baietz, bokaziozkoa duela, horretarako egina dagoela, ahaldundu egin nahi duela seme-alaba gisa. Influencerren, youtuberren eta horrelakoen aholku guztiak jarraituko dituela txintxo-txintxo. Pentsa, horrela gurasoek ez dute erreserbarik eta matrikularik ordaindu beharko, seme-alaba profesionala izateko ez baita beharrezkoa ikasketa unibertsitariorik egitea. Alegia, merke-merke.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión