Memoriaren alfonbrak
Denboraren sabelean aingura botatzea omen da nostalgia, iraganera itzultzea, ordukoa hobea zelakoan. Batzuek diote errealitateari bizkarra ematen diola; beste batzuek, berriz, memoria sustatzen duela. Joan den azaroaren 10ean, hain justu, ospatu zen gurean Memoriaren eguna, beldurrari eta intolerantziari aurre egin zietenei aitortza egiteko eta biktimei hurbiltasuna adierazteko. Egia eta justizia lortzen ahalegindu diren horiek beren bizitza pertsonaletan aurrera egiten saiatu dira aldi berean, mendeku grina alboratuta, heriotzaren kulturari men egin gabe. Ordainetan gizartearen zati handi baten isiltasuna eta gorreria jaso dute, pilotarik itzultzen ez duen frontoiaren hustasuna.
Atzetik datozenak erreseatuta datoz, buruak giga erabili gabeez beteta. Ezer gutxi dakite iraganaz, itsasaldi lauso bat dela baino ez. Zenbaitetan, iragan hori mitifikatzera jotzen dugu, ia ezagutu ere egin gabe. Iraganeko mitoen labela hain da indartsua eta baltsamikoa… Baina badakigu garai bateko tragedia fartsa bihurtzen dela pixkanaka. Heredatu egiten dugu iragana, eta bi aukera nagusi dauzkagu: mitifikazioa besarkatu edo galdezka hasi, zalantzan jarriz, bulkada erromantikoen azal mudatuaren azpian geratzen diren zauriak eta gizatasuna lehenetsiz. Memoriak ere baditu astindu beharreko alfonbrak, bisitatu beharreko atzeko patioak, batzuen buruan baino ez zeuden gerrak eta heroiak.
Azken batean, herria esaten diogun hori, jende arrunta, biktimen artean bilatu behar da, haien ahots eta ereduan, ez borreroenean.