Arantzazuko emanaldiko 'Mode' doinuaren bideoa kaleratu du Alos Quartet taldeak
Abuztuaren 21ean Musika Hamabostaldiaren baitan antolatu zen kontzertuak belaunaldi desberdinetako artistak bildu zituen
Donostiako Musika Hamabostaldiak Arantzazuko Basilikan emanaldi berezi bat eskaintzea proposatu zien Alos Quartet taldeko kideei. Honela sortu zen 'Hariz Harri' ikuskizuna, hilabete luzetako lanaren emaitza. Abuztuaren 21ean gauzatu zen kontzertua gonbidatu plantel itzelarekin, konplize izan baitzituzten kantuan Natxo de Felipe, Gorka Urbizu, Olaia Inziarte eta Amorante, Iñar Sastre pianoan eta Amaia Elizaran dantzan. Honela, emanaldiak inoiz elkarrekin aritu ez ziren eta euskal musikaren belaunaldi ezberdinen adierazgarri diren artistak bildu zituen, eurekin berariaz sortutako egitaraua interpretatzeko.
Arantzazuko Basillika jendez lepo bete zen emanaldia ikusteko eta jende asko sarrerarik gabe geratu zen. Orain taldeak ikuskizunaren 'Mode' azken doinuaren grabaketa eta bideoa kaleratu du, «oholtzako artista eta Arantzazu lepo bete zuten 1400 entzuleren artean sortutako giro paregabearen erakusle», adierazi dute.
Musikan «hilabetez hilabete eta urtez urte hamaika proiektutan murgilduta» bide ederra egin du Alos Quartet taldeak, aniztasun edo eklektikotasuna ezaugarri nagusi izanda. «Nahiko musika klasifikaezina gara, ez klasiko, ez herrikoi... Ur ezberdinetan igeri egin dugun taldea gara», iritzi du Xabier Zeberiok. Taldeak iaz urte polita bizi izan zuen, 25. urteurrena zela-eta bira berezia egin baitzuten. Aurtengo ere ez da atzean geratzen. Aste honetan bertan Alemanian izango da taldea Müsterland Festival entzutetsuan bi emanaldi eskeiniz estatuko beste hainbat talde eta artista batzen dituen programazioan, hala nola Marco Mezquida, Antonio Lizana edo Oreka TX.
Hurrengo urteari begira, 2026ko urtarrilean Eñaut Elorrietarekin hasiko dute bira. «Isilxeago gabiltza proiektu bezala, baina geratu gabe. Oso zortedunak sentitzen gara, hilabetez hilabete eta urtez urte hamaika proiektutan murgilduta gabiltzalako», dio pozik Xabier Zeberiok.