Alfabetatze mediatikorako liburutegiek duten garrantzia aldarrikatu du Ibone Bengoetxeak Europan
Lehendakariordeak Alfabetatze Mediatikorako Europako Ituna proposatu du Europar Batasuneko Kontseiluan egindako agerraldian
Liburutegiek ikasteko, ezagutzak eskuratzeko, sozializatzeko eta gozatzeko zentro gisa duten rola izan dute hizpide aste honetan Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirol Kontseiluan. Bertan izan da Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta lehendakariorde Ibone Bengoetxea, izan ere Euskadik koordinatu du seihileko honetan partaidetza hezkuntzaren eta kulturaren arloan.
Bere agerraldian, Bengoetxeak, Alfabetatze Mediatikorako Europako Ituna proposatu du. Euskara hutsean egindako hitzaldian, itun horri gobernuak, elkarteak eta eragile sozioekonomikoak atxiki ahal izatea defendatu du.
Lehendakariordeak adierazi duenez, «egiaztatuta dago alfabetatze mediatikoaren maila altua funtsezko faktorea dela herritarrek erabaki informatuak har ditzaten aro digitalean; demokrazia parte-hartzailea, modernoa eta inklusiboa izateko aldez aurreko baldintza da, eta desinformazioa eta gorroto-diskurtsoak geldiarazteko balio du». Testuinguru horretan, «liburutegiek berebiziko garrantzia dute alfabetatze mediatikoan eta sen kritikoaren garapenean, baliabideak, hezkuntza eta elkarrizketarako gune bat eskaintzen baitute», azaldu du. Hori dela eta, Alfabetatze Mediatikorako Europako Ituna proposatu du, hainbat erakundek, gobernuk eta elkartek bat egin ahal izateko.
Bere hitzaldian, Europeana Europako Liburutegi Digitalaren rola azpimarratu du (Euskariana bertako kidea da) hainbat gobernu edukiak digitalizatzeko eta eskuratzeko egiten ari diren ahaleginak bateratzeko, baita hizkuntza desberdinetan ere. Bestalde, «ezin dugu ahaztu liburutegiak erabiltzaileak hezten ari direla, eta, aldi berean, Europan erregulazio argi baten beharra aldarrikatzen dutela, sortzaileen kolektiboaren eskubideak babesteko», adierazi du Ibone Bengoetxeak.