2023ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak baditu zortzi finalistak
Kazetaritza eta Komunikazio ataletan emango dira, eta bakoitzerako lau finalista izendatu ditu epaimahaiak
I. A.
Donostia
Asteazkena, 8 azaroa 2023, 13:15
Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak izendatu ditu aurtengo finalistak eta azaroaren 29an, Andoainen egingo den sari banaketa ekitaldian jakinaraziko da irabazleen izena. Bi sari nagusi emango dira, biak maila berekoak, bederatzina mila eurokoak: Kazetaritza saria bata, eta
Komunikazio saria bestea. Bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak.
Kazetaritza sariari dagokionez, finalisten artean bi podcast hautatu dira: Naiz irratiak eta Mediabaskek elkarlanean sortutako 'Bideak', eta Berriaren 'Kinka'; gainera, 'Zelan sentitzen zara?' Geuria komunikabidearen ale berezia eta 'Urte batetik bertzera, mundu batetik bertzera', Xabier Itzainaren kronika sorta dantzan.eus hedabidean ere sari honetara hautagai dira.
Komunikazio sariari dagokionez, beste hiru podcast daude finalisten artean, denak EITB Podkast zigiluarekin: 'Lore hostoak', '#10garrena' eta 'Harpa Jotzen'. Laugarren finalista 'Muak Et' webseriea da.
Kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa
Andoaingo Udalak urtero antolatzen du Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, euskararen normalizazioak «ezinbestez» behar dituelako «euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua». Aurtengo 35. edizioa da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagundu du.
Zortzi finalistak azaroaren 29an Andoaingo Bastero Kulturguenan izango dira, eta beraiek ere orduan jakingo dute nortzuk diren saridunak. Aurtengo sari banaketa ekitaldiak Menane Oxandabaratz kazetaria omenduko du, ohorezko mugarri izendatuz.
Ohorezko mugarria nahiz finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia osatzen dute Eneko Bidegainek (idazlea eta MUko HUHEZIko irakaslea), Itxaro Bordak (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltzak (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Miren Gabantxok (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea), Pantxika Maitiak (kazetaria eta film egilea) eta Ion Muñoak (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea). Mahaiburua Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduradun Marta Lasa da, eta idazkaria Arantza Aguado Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.