200dik gora alkatek eta udal hautetsik euskararen aldeko agerraldia egingo dute ostegunean Bilbon
Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko agerraldi bateratua antolatu du Euskalgintzaren Kontseiluak
DV
Donostia
Asteazkena, 23 uztaila 2025, 15:47
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alderdi eta sentsibilitate ezberdinetako 200dik gora alkate eta udal hautetsik eta euskalgintzako ordezkari nagusiek agerraldia egingo dute Bilbon ostegunean, uztailaren 24an, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko eta euskararen eta euskal erakundeen erabakimen demokratikoaren alde.
Euskalgintzaren Kontseiluak gogorarazi duenez, joan den astean, Espainiako Auzitegi Gorenak Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi zuen, Vox alderdi politikoak jarritako helegitearen tesi gehienak bere eginez. Ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei eta toki erakundeei herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu baliogabetu dituzte, besteak beste.
Kontseiluarentzat, «epaia bereziki kezkagarria eta larria da, euskararen normalizazioan aurrera egitea oztopatzen duelako eta udaletatik demokratikoki bideratzen diren hizkuntza politikak mugatzen dituelako».
Gogorarazi du baliogabetutako dekretuak Eusko Legebiltzarrean adostasun zabalez onartu zen 2/2016 Udal Legea garatzen duela, eta azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi duela gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak.
Bada, erabakimen demokratiko horren defentsan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 200dik gora alkate eta udal hautetsi, alderdi eta sentsibilitate ezberdinetakoak, eta euskalgintzako ordezkari nagusiak elkartuko dituen agerraldi bateratua antolatu du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Agerraldia ostegunean izango da, uztailaren 24an, 11:00etan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitzaren aurrean, Albia Lorategietan.