Amasa-Villabona
Txakolin Eguna egingo dute larunbatean AmasanUxo-Toki elkarteak Txakolin Eguna antolatu du larunbaterako herriko gazteekin elkarlanean. Ohi bezala, jardunaldia sega txapelketa herrikoiarekin hasiko da 16:30ean, plaza ondoko sailean.
Herriko bederatzi gaztek hartuko dute parte sega lehiaketako laugarren edizioan: Mikel Arretxe, Arkaitz Arretxe, Jon Beldarrain, Joseba Astiasaran, Julen Etxeberria, Jon Ezeiza, Kepa Otegi, Aimar Iraola eta Manex Ugarte. Lehiaketa nazioarteko eran egingo dute.
Lehenengo sailkapen fasea jokatuko dute, 10 metro karratuko saila ebakiz bakoi-tzak, eta, ondoren, lau hoberenen artean finala egingo, 200 metro karraturekin. Epaileek azkartasuna eta txukuntasuna hartuko dute kontutan.
Jarraian, txakolin dastaketa egongo da. Getaria jatorri izendapenaren baitan dauden upategi guztien edariak dastatzeko aukera egongo da. Kopa eta bi pintxorentzako txartelak 7 euroko prezioa izango du. Aurten ere, txekorra erreko da goizean goizetik pintxo modura dastatzeko, beste pintxo batzuen artean.
'Argilunak' dantza gaur
Komorebi konpainiak 'Argilunak' dantza ikuskizuna eskainiko du gaur gauean Erreboteko plazan, 22:00etan. Garazi Egiguren Urkola dantzariak sortu eta zuzendu du 'Argilunak'. Galera batek eragindako krisi existentzialaren terapia izaten hasi eta eraikitako bizitza eredua kuestionatzeko adierazpen bide bilakatu da emanaldia. Eguraldi txarra eginez gero, udal pilotalekuan eskainiko dute.
Billabona kirol elkartea
Denboraldi honetarako bazkidetza kanpaina martxn jarri du Billabona kirol elkarteak 'Izan zirelako gara eta garelako izango dira' lemapean. Urtean 20 euroko kuota ordaindu behar da bazkide egiteko eta, herriko futbola babestu ta kluba laguntzeaz gainera, bazkide txartelarekin herriko eta inguruko hainbat saltoki eta enpresetan deskontuak jasoko dituzte. Bazkide egiteko sare sozialetan dagoen estekako galdetegia bete beharko da.