Tolosa Goierri
VII. Mendi Duatloiak emango dio hasiera larunbatean Kultur Azaroa egitarauariEuskal Herriko Mendi Duatloi zirkuituko azkeneko proba da
Amaia Núñez
ADUNA.
Asteartea, 11 azaroa 2025, 20:27
Azaroko bigarren hamabostaldia kultur ekitaldiz betea egongo da Adunan. Programazio berezia antolatu dute aurten ere, larunbat honetatik hilabete amaierara bitartean luzatuko dena. Larunbatean Adunako VII. Mendi Duatloiak emango dio hasiera egitarauari.
Proba 15:00etan hasiko da plazan. Euskal Heriko Mendi Duatloi Zirkuituko azkeneko proba izango da. Hiru sektore osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Lehenengo 3,66 kilometro mendi lasterketa, ondoren 14,5 km bizikletarekin eta, amaitzeko, 1,83 km korrika. Bakarka zein binakako modalitateak egongo dira.
Era berean, denboraldiko azken proba izanik, afaria egingo dute parte hartzaile eta antolatzaileek Aburuza sagardotegian, trikipoteo eta sari-banaketarekin. Zirkuitua zazpi probak osatu dute aurten. Asteasun hasi ziren irailean eta hilabete hauetan Durango, Idiazabal, Kanpezu, Aia eta Ibarran egin dituzte. Zirkuituko sailkapen orokorrean, Nekane Pradera doa lehenengo emakumezkoetan, Josu Urrestarazu gizonezkoetan eta Aitor Aizkorbe eta Koldo Herrera, bikoteka.
Atseden egun batzuek ondoren, hurrengo ostegunean, hilaren 20an, jaraituko dute Thamer Birawi errefuxiatu palestinarrak eskainiko duen solasaldiarekin.Hurrengo egunean, berriz, Palestinarekin elkartasun afaria egingo da frontoian eta, ondoren, Gazako Sol Band musika taldearekin emanaldia eta solasaldia izango da.