Tolosa
Plaza Zaharrean giza mosaiko erraldoia egiteko deialdia luzatu du Galtzaundik'Euskararen etorkizuna jokoan' lelopean, Euskararen Eguneko egitarauaren ekitaldi nagusia izango da, 18:00etan
Kevin Iglesias
Tolosa.
Asteartea, 2 abendua 2025, 20:18
Euskararen Eguna ospatuko da gaur hainbat herritan, eta Tolosan hainbat ekintza antolatu dira egun horren bueltan. Udalak, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Uema udalerri euskaldunen mankomunitateak hizkuntzak herrian duen indarra isladatu nahi izan dute, eta gaur 18:00etan ekitaldi nagusia burutuko da. Galtzaundik gidatuta, Plaza Zaharrean giza mosaiko erraldoi bat egingo da, 'Euskararen etorkizuna jokoan' lelopean. Eskualdeko beste hogeita zazpi herrietan ere mosaiko berbera egiteko asmoa dago, eta argazkia atera ondoren, adierazpen bat irakurriko da.
Bihar izango da azken ekitaldia. Andragorak Uxoa Elustondok emandako hitzaldia hartuko du, 'Nokaren higatzeaz eta galeraz bi hitz' izenburupean. 18:00etan izango du hasiera, eta emakumeek bakarrik parte hartu ahal izango dute
Autobusa Durangoko Azokara
Beste alde batetik, eta Euskararen Egunaren harira, Galtzaundik autobusa antolatu du Durangoko Azokara joateko. Zehazki bigarren egunerako, hau da, larunbat honetarako, hilaren 6rako, ireki da izen ematea eta gaur izango da eserlekua erreserbatzeko azken eguna.
10:15ean abiatuko da autobusa Santa Klarako geltokitik, eta 20:00ak aldera egingo du itzulerako bidaia. Izen ematea elkartearen bulegoan egin daiteke, 16 euro ordainduz; Galtzaundikideek edo Atarikideek, ordea, 14 euro ordainduko dute. Tiketak eskudirutan edo Bizum bidez eskuratu ahalko dira.