Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Ordiziako azoka

Urtea amaitzeko, hotza Ordiziako ferian

Urteko azken ferian, sagar beltza eta arto gorriaren irina aurkeztu dituzte. Fruta saltzaileen postuetan, mahatsa izan da izarra

Tere Madinabeitia

Ordizia

Asteartea, 31 abendua 2024, 16:34

Comenta

Bat egin du aurten urteko azken egunak eta urteko azken feriak Ordizian, eta eguna asteartera aurreratuta izan du, gainera. Horri guztiari hotza gehituta, gradu eskasa markatzen baitzuen termometroak goizeko 11etan, ez da izan gaurkoa 2024ko feriarik onena. Saltzaile batzuk falta ziren, eta erosleak ere ez dira ohi bezala hurbildu Plaza Nagusira.

Bertaratu direnek, aldiz, ia betiko eskaintza izan dute aukeran, aproposa Urte Zaharreko afarirako eta Urte Berriko bazkarirako azken orduko erosketak egiteko.

Sagar beltza eta arto irina

Berritasunik ere izan da, gainera, urtea agurtzeko. Horietako bat, Simon Aizpuruk aurkeztu duen sagar mota berria izan da, «sagar beltza» deiturikoa. Errezilen Mugarrieta baserriaren inguruan dituzten sailetan loratzen azkena den sagarrondoaren fruitua omen da, urtero izaten dena, ugari gainera. Zaporez gazia dela esan du Aizpuruk, eta labean erreta jateko oso aproposa.

Eguneko beste berritasuna Bidania-Goiatzeko Natalia Magallanesek aurkeztu du, berak ekoitzitako arto gorri ekologikoaren irina, Itsasondoko Ibares errotan ehotakoa. Kiloa 6 euroan jarri du salgai.

Perretxikoak, eskas

Gaurko hotzak neguaren gorritasuna ekarri du gogora ferian, eta perretxikoen eskaintza eskasak garai hauek genero horretarako egokienak ez direla erakutsi du. Mikel Lasaren postuan bakarrik daude salgai perretxikoak, eta hauxe izan da eskaini duena: 5 kilo saltsa perretxiko beltz, 20 euroan kiloa; 20 kilo ziza hori, 30 euroan; eta 15 kilo mendiko angula, 20 euroan.

Onddorik ez dago orain, baina kapritxoz nahi duenak, oliotan kontserbatuta erosteko aukera du, 350 gramoko potean, 8,5 euroan. Lehortutako ziza horiak ere bazituen Lasak, kiloa 120 euroan.

Mahatsa, gaurko afarirako

Fruta saltzaileen postuetan, aldiz, mahatsa zuten ugari, urteari amaiera emateko hamabi ale jateko ohitura barra-barra zabalduta baitago. Aledoko mahatsa zen, zuria, eta kiloa 4,95 eta 5,9 euro artean zuten. Pepitarik gabekoa ere bazuten aukeran, 6,5 euroan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Urtea amaitzeko, hotza Ordiziako ferian

Urtea amaitzeko, hotza Ordiziako ferian