Ordizia
Lehia estua Oianguko pilotarientzat ligaxkako azken jardunaldirakoEtxeberria eta Letamendia final erdietan daude dagoeneko, eta Irastorzak eta Larrañagak partida erabakiorra jokatuko dute bihar
Gipuzkoako Larruzko Paletako Txapelketa ligaxkaren amaierara iritsi da eta Oianguko pilotariak hurrengo fasean ordezkaritza izango dute pasa den jardunaldian lehia estua izan ondoren. Bigarren mailan sentitu zuten bereziki presioa. Oiangutarren arteko derbia jokatu zuten, Elorza eta Ormazabalek (Oiangu 2) Etxeberria eta Letamendiaren aurka (Oiangu 3). Partida estua jokatu zen arren, Etxeberria eta Letamendiak lortu zuten garaipena, 35-30 emaitzarekin. Garaipen honekin finar erdietarako txartela eskuratu zuten eta asteburu honetako partiduan sailkapeneko lehenengo edo bigarren postuan geratzea jokatuko dute.
Maila berean, Gonzalez eta Oyarbide bikoteak Epleko Etxezarreta eta Martinezen aurka 32-35 galdu zuten. Partida zaila izango zela aurreikusita zuten eta gauzak zaildu zizkieten, garaipenetik gertu geratuz.
Lehenengo mailan, berriz, Otegik eta Garridok 35-31 galdu zuten Andoainen Gaztelekuko Altuna eta Ponceren aurka, partida txukuna egin arren. Horrela, jaitsierako maila mantentzeko partida jokatu beharko dute. Aurretik, asteburu honetan Epleko Eskisabelen eta Pichelen aurka jokatuko dute bihar. Hirugarren mailan, Irastorzak eta Larrañagak atsedenaldia izan zuten eta asteburu honetan partida erabakiorra jokatuko dute. Sailkapeneko hirugarren postuan daude, aurretik dagoen Zumaiako bikotearekin berdinduta. Atzo iluntzean jokatu zuten sailkapeneko lider den Txost bikotearen aurka.
Emakumezkoen mailan, Naiara Aldasoro eta Amaia Lopezek 30-26 galdu zuten Hernaniko Macicior eta Querejetaren aurka. Ligaxka amaituta, laugarren postuan geratu dira.
Ligaxkaren azken jardunaldia izango da guztientzat datorrena. Etxean bi partida ikusteko aukera egongo da bihar larunbatean, 10:30ean hasiko den jaialdian. Aurreneko partidua Otegi eta Garridok jokatuko dute eta, segidan, bigarren mailako taldekideen arteko derbia izango da: Elorza eta Ormazabal, Gonzalezen eta Oyarbideren aurka.
Bestalde, Oianguko hiru bikoteak Errenterian jokatuko du gaur iluntzean Epleko Etxezarreta eta Martinezen aurka. Jubeniletan, Soberon eta Aranburuk Txost2 bikotearen aurka jokatuko dute gaur 20:15ean hasita Olaberrian.
Horretaz gain, Trinketeko Larruzko Paleta txapelketa ere abian da eta, horren baitan, Oianguko Otegi eta Luzuriaga Euskal Jolaseko bikotearen aurka jokatuko du igandean 11:00etan Irurako Ametsa trinketean.