Ordizia
Itxaso Martin idazleak parte hartuko du ostiral honetako irakurle taldean'Puntobobo' bere azken liburua izango dute hizpide arratsaldeko seietan liburutegian hasiko den saioan
Azaroko Ordiziako Irakurle Taldearen saioak gonbidatu berezia izango du. Itxaso Martin idazleak parte hartuko du. 'Puntobobo' Erein argitaletxearekin argitaratu duen bere azken liburua izango dute hizpide. Irakurle Taldeak ikasturtero bi idazle gonbidatzen ditu beraien lanaz hitz egiteko eta saio horietara bereziki animatzen dute herritar oro. Beraz, Itxaso Martinekin solasean aritu nahi duen edozein irakurlek ateak zabalik izango ditu datorren ostiraleko saioan. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera liburutegian elkartuko dira bertaratzen direnak.
Saioak dinamizatzen dituen Irati Goikoetxearen hitzetan beti da ederra eta interesgarria bertatik bertara, idazlearen beraren eskutik, liburuen korapiloak askatzea, idazleekin batera liburuen mamia aztertzea. Gaiaren nondik norakoak, hautuaren zergatiak, idazketa prozesua, idaz-learen irakurleekiko begirada... gai ezberdinetara iristeko aukera bakarra idazlearekin berarekin zuzeneko solasa izatea da, opari bat da irakurlearentzat idazlearekin enkontruok izatea.
Emakumeen sufrimendua, osasun mentala eta familiarteko dinamikak ardatz ditu 'Puntobobo' eleberriak. Itxaso Martinek ez du eufemismorik erabiltzen; estilo intimista eta soil batez idatzi du istorio honen errealitate gordina. Ez da eleberri kostunbrista bat, protagonisten psikologian sakonduz idazleak ateratako argazki gardena baizik.
Ordiziako irakurle taldea egonkortua badago ere, guztiz irekia da eta, beraz, ordiziar guztiak animatu nahi dituzte bertan parte hartzera. Bereziki, biharko saiora, Itxaso Martinen lana gertutik ezagutu nahi dutenentzako.