Borrar
Korrika, Beasain zehar

Ver 36 fotos

Korrika, Beasain zehar J. Zabala
23. Korrika

Milaka goierritar tipi-tapa kilometroz kilometro

Gabiriatik lehen aldiz pasatu da goizeko 8ak pasatxo, eta bizilagunek gogo biziz hartu dute karabana

A. Urdangarin, J. Zabala y A. Núñez

Sábado, 23 de marzo 2024, 12:44

Goizean goiz iritsi da Korrika Goierriko bailarara. Iritsi bezain laster, albiste onak ekarri ditu besapean, bisitatu duen lehen herriarentzat bereziki berezia izan bait da aurtengo edizioa. Gabiriatik lehen aldiz pasatu da goizeko 8ak pasatxo, eta bizilagunek gogo biziz hartu dute karabana. Herrian kokatzen den Baztarrika gaztandegiko familiak, aurtengo aukera baliatze aldera, baserri aurrean pasatzen zen kilometroa erosteko erabakia hartu du, eta betirako gordeko duten momentua bizi izan dute bertan.

Endika Murua Gabiriako alkateak korrika kantatu du bertsoa mikrofonoa eskuan zuela. Ez dakigu Taylor Swift-en moduan kirola egiten zuen bitartean kantari aritu den entrenatzen, baina bikain bota du bertsoa.

Pixkanaka aurrera egin du, bailarako herriak zeharkatuz, eta segurarrek ere gogotsu hartu dute aurtengoa. Zaharren egoitzako egoiliarrak bertan egon dira, gurpildun aulki eta guzti, korrikalariei haien berotasuna eskaini eta metro gutxi batzuetan bazen ere haien aletxoa jartzen. Koloreen gainetik, Segurako Realeko peñak Athletikekoari eman dio lekukoa, lehia sano guztien gainetik euskararen aldeko aldarriarekin bat eginez.

Idiazabalera bidean ere garraiolari sindikatuak haien aldarria egiteko aukera ere izan dute, kamioi eta guzti. Idiazabalen, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu du han lekukoa. Eider Mendoza diputatu nagusiak irrifartsu eraman du lekukoa, Jose Ignacio Asensio lehen diputatu nagusiordea aldamenean zuela.

Aldundiak 2022ko edizioan Beasainen hartu zuen parte, eta, aurreko bietan, Donostian. Oraingo honetan «herri txikiei eta landa inguruneari keinu bat» egin nahi izan die, «funtsezkoak direlako gure orekarako, eta funtsezkoak izan direlako Gipuzkoan gure hizkuntza biziberritzeko ere, arnasgune izan diren heinean».

Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusia, lekukoa hartu du Idiazabalen, Jose Ignacio Asensio, lehen diputatu nagusiordearekin AEK

Olaberritik gogotsu igaro da Korrika eta maldan gora ederki aritu dira korrika suhiltzaileak, kasko eta guzti. Lazkaon buruhandiak zituzten zain. Lazkao Txiki, noski, eta herriko irudi den antzarra. Jende andana batu da karabanara, joaldunak aurretik zituela. San Benito ikastolak 60 urte betetzen zituela baliatuz, merezitako homenaldia eskaini dio ikastetxeak erretiroa hartu behar duten irakasleei, haiena izan bait da lekukoa eramateko 'lana'. Pertsonaia mitologikoek ere korri egin dute Ataungo Jentibaratza elkartearen eskutik. Tartalo ere haitzulotik atera da euskararen alde korri egiteko.

Beasainen goizeko 11.00ak aldera ere izan da, eta Andramendiko ikaslea den Kimetz Furundarena protagonistetako bat izan da, berak eraman bait lekukoa du ikastetxearen kilometroan, gurpildun aulkiaren laguntzaz baina sentimendu osoz.

Bailarako herrietan aurrera egiten joan da, lekurik lekuko protagonisten eskuetatik lekukoa pasatuz eta ttipi-ttapa kilometroak pasatuz. Ordizian, milaka euskalzalek hartu dituzte kaleak eta batu dira Korrikara. Goizean goizetik giro ederra izan da, Burrunbazale txarangak alaitu du giroa kaleetan zehar. Herriari itzulia eman dute, alde batetik bestera zeharkatuz, Aramarantz abiatu aurretik.

12.30 inguruan, hurrengo ediziora arte agur esan dio Korrikak, Legorretan bailarako azken lekuko aldaketa eginez eta guztion borroka dena Baionarantz bideratuz.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Milaka goierritar tipi-tapa kilometroz kilometro