Jon Martin garaile Abaltzisketako lehen kanporaketan, II. Pello Errota bertsolari sarian
Izarne Zelaiak ere lortu zuen finalerako txartela. Bigarren kanporaketa larunbatean izango da Irurako kulturgunean
IMANOL ARRATIBEL
ASTEASU.
Asteartea, 13 urria 2020, 00:25
II. Pello Errota bertsolari txapelketako lehen bi finalisten izenak erabakita daude Abaltzisketako kanporaketaren ondoren: Jon Martin oiartzuarra eta Izarne Zelaia donostiarrak eskuratu zituzten finalerako lehen bi txartelak, 276,5 eta 266 puntu eskuratu zituzten, hurrenez hurren. Hirugarren Erika Lagoma sailkatu zen 261 punturekin, laugarren Iñaki Viñaspre 255ekin, bosgarren Iñigo Gorostartzu 253rekin eta seigarren, Ander Elortegi 248,5 puntu bilduta.
Hasierako agurretatik eman zuen zeresana Larraitzeko areto bereziak, izatez ermita bat baita. Bertsolari askok norbere buruarekiko fedea aipatuz hasi zuen saioa eta behin agurrak abestu ostean, zortziko handiko ofizioekin hasi zuten sei bertsolariek saio puntuagarria. Zortziko handian zein txikian, bertsoaldi txukunak egin arren, hamarreko txikiko ariketan entzun ziren bertsoaldirik onenak, Izarne Zelaia eta Ander Elortegik osatu zutena denen buru: Errealeko futbolarien paperetik aritu behar izan zuten, euskara hutsez emango dituzten prentsaurrekoen harira. Kartzelako ariketan, berriz, hiruna puntu erantzun eta gai bati bina bertso kantatu behar izan zizkieten bertsolariek. Ariketa horietan azpimarratzekoak izan ziren bertsoaldiak Jon Martin, Izarne Zelaia eta Iñigo Gorostartzurenak izan ziren.
Eroso bertsotan
Berrogeita hamar lagun inguru bildu ziren Larraitzeko ermitan eta giro beroa sortu zen lehen bertsoalditik. Bertsolari batek saioaren amaieran azaldu zuenez, «jendeak oso harrera beroa egin digu eta eroso aritu gara bertsotan. Gaiek ere lagundu dute horretan eta saioaren balorazioa oso positiboa da».
Hurrengo kanporaketa urriaren 18an izango da, Irurako kulturgunean eta bertan osatuko da azaroaren 1ean Asteasun izango den finalean kantatuko duten bertsolarien zerrenda. Honako bertsolari hauek izango dira bigarren kanporaketan parte hartuko dutenak: Amaia Iturriotz, Iñigo Izagirre, Odei Barroso, Saioa Alkaiza, Unai Mendizabal eta Xabat Galletebeitia. Saioa 17:30ean hasiko da eta antolatzaileek bertara joateko gonbidapena luzatu nahi diete eskualdeko bertsozaleei.