Borrar
Urtazak bere azken lanen aurkezpena eskaini zuen, hauen nondik norakoak azaldu eta datozen proiektuak freskatzeko. ZABALA

Legorreta

Betzaida Urtaza idazleak haur literaturari bi ale berri gehitu dizkio

Idazle legorretarrak 'Imelda eta Arimen Gaua' eta 'Mairuak' aurkeztu ditu, emozioak eta hausnarketa erdigunean jartzen dituen lanak

Osteguna, 18 iraila 2025, 20:06

Comenta

Betzaida Urtaza Elizburu legorretarrak ez du etenik egiten haur literaturan. 2020an sortu zuen Amesgile argitaletxearen eskutik, beste bi liburu plazaratu ditu orain, eta ohikoa duen moduan, helburu argi batekin: emozioak lantzea, kontzientzia piztea eta hausnarketarako bide berriak irekitzea. Bi lan berriak dagoeneko salgai daude argitaletxearen amesgile.com webgunean.

Lehen liburuan, 'Imelda eta Arimen Gaua', bi kontinenteen arteko lotura egin du Urtazak, Euskal Herriaren eta Mexikoren tradizioak uztartuz. Istorioa Margherita Grassoren ilustrazioekin dator, kolore eta irudimenez jantzia. Bertan, Imelda izeneko neskato baten bizipenak kontatzen dira: birraitonaren bidez Euskal Herriarekin harreman estua izan duen arren, familiarekin batera hara bizitzera itzultzeko orduan, beldurra eta zalantzak pizten zaizkio.

Bere lagunak eta kultura atzean uzteko beldurra du Imeldak, baina, era berean, ilusioa sentitzen du Euskal Herriko parte izateko. Euskal Herrian bizitza berrira ohituko da, baina etxekoen oroitzapenak eta Mexikoko ohiturak faltan sumatuko ditu. Hori dela eta, Arimen Gaua iristean –Mexikoko Día de los Muertos delakoa– neskatoa triste jarriko da. Orduan birraitonak festa bat prestatuko dio, bi munduak eta bi tradizioak bat eginda, haurra etxean bezala senti dadin. Liburuak maiuskulaz idatzita daude, irakurle hasiberrientzat erraztasun handiagoa eskaintzeko. Euskaraz, gaztelaniaz zein edizio elebidunean eros daitezke. Gainera, ipuinaz gain, margotzeko orrialdeak ere baditu, haurrek modu aktiboan parte hartzeko.

Euskal mitologiaren bilduma

Bigarren berritasuna 'Mairuak' da, Euskal Mitologiako bildumako laugarren liburua. Oraingoan Mirari Sagarzazu Sacristan oñatiarrak egin ditu ilustrazioak, eta istorioa Zuberoan kokatzen da. Liburuak mezu argia helarazten du: kanpotik ezberdinak bagara ere, barruan emozio berak ditugula eta bihotzari entzutea dela bidea. Urtazaren esanetan, ipuina entzuteko modukoa ere bada, haurrei ahoz aho transmititzeko egokia.

Lan honen aurkezpena datorren irailaren 24an egingo da, liburutegian. Arratsaldeko 17:00etan ipuin kontaketa bat eskainiko du idazleak, herritar guztiei zuzenduta.

Herriari egindako ekarpena

Idazle legorretarrak ez ditu bere lanak soilik plazaratzen; herriko komunitateari ere ekarpena egiten dio. Azken bi liburu hauek, eta aurretik argitaratutako beste hamasei aleak, guztira hemezortzi, Legorretako liburutegiari dohaintzan eman dizkio. Horrela, ume eta gurasoek bere ipuinak eskura izango dituzte, doan, etxetik hurbil.

Urtazak beste behin erakutsi du haur literaturak ez duela soilik entretenitzeko balio: emozioak lantzeko, identitatea hausnartzeko eta kulturak uztartzeko tresna ere bada. Bere lan berriekin, Legorretako idazleak urrats bat gehiago egin du bide horretan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Betzaida Urtaza idazleak haur literaturari bi ale berri gehitu dizkio

Betzaida Urtaza idazleak haur literaturari bi ale berri gehitu dizkio