Legorreta
Azintzio jaiek giro bikaina utzi zuten'Jun da jakin' nagusi paella txapelketan; playback lehiaketaren arrakasta handia eta Piku-ren ehorzketarekin amaiera hunkigarria
Azintzio jaiak amaitu dira, eta atzean utzi dituzte egitarau bete-betea, parte-hartze handia eta herritarren artean sortutako giro aparta. Igande honetan, 'Piku' panpinaren ehorzketarekin amaiera eman zitzaien egun hauetako ospakizunei, bertso eta dantzekin girotutako azken ekitaldi xelebre eta hunkigarriarekin.
Jaietako asteburua larunbateko mozorro egunarekin eta paella txapelketa herrikoi ezagunarekin hasi zen. 41. edizioan, 20 kuadrillak hartu zuten parte eta goizetik nabari zen paella usain goxoa herriko plazan. Urtetik-urtera, maila gora dolaa aitortu zuten antolatzaileek. Epaimahaia 14:00etan hasi zen dastaketa lanean, eta azkenean, 'Jun da jakin' (14. paella zk.) taldeak irabazi zuen aurtengo lehen saria. Bigarren postua 'Jan da lo'-k eskuratu zuen, eta podiuma osatu zuten 'Bagera' eta 'Guk bai balio' kuadrillek.
Ostiraleko protagonista nagusiak playback txapelketak izan ziren. Umeen saioa arratsaldeko 18.00etan abiatu zen, eta 9 talde aurkeztu ziren. Lehen saria 'Bandera untzi eta Kalaberaz' emanaldiarentzat izan zen, 'Elgarrekin' eta 'Timber' podiumean lagun zituela. Gaueko 23:30ean helduen txapelketak hartu zuen erreleboa. 13 talde aritu ziren agertokian, eta frontoia bete-beteta egon zen. Bozka herrikoien eta epaile profesionalen erabakiz, garaile izan ziren 'American Idiot' eta 'YMCA' emanaldiak.
Igandean, jaiei adio
Igande eguerdian, erraldoi eta buruhandiek girotu zuten kalea, eta jarraian 'Garbitzailearena' ikuskizunak txikienen arreta bereganatu zuen, festetan denentzako tartea eta entretenimendua eskainiz. Arratsaldean, pilota partidek hartu zuten lekukoa: herriko umeek lehenik, eta emakumezkoek ondoren, izan zuten protagonismoa.
Azkenik, jaiak amaitzeko, 'Piku' -ri su eman zitzaion herriko plazan, azken ekitaldi koloretsu eta sinbolikoan. Piku-ren ehorzketak, bertsoekin eta dantzekin lagunduta, jaietako azken orduari itxiera borobila jarri zion. Azintzio jaiak bukatu dira, baina utzitako oroitzapen eta bizipenak luzerako geratuko dira legorretarren memorian.