Borrar
Andres Etxeberria erreminta zaharrak erakusteko postuan. ARGAZKIAK NÚÑEZ
Berastegi

Lanbide zaharren erremintak erakutsiko ditu Andres Etxeberriak gaurko azokan

Berrogei urtez artzain, erretiroa hartu zuenetik bere ofizioaren inguruko erremintak egiten ditu

AGURTZANE NÚÑEZ

Igandea, 6 azaroa 2022, 00:12

Comenta

Udazkenarekin batera ugaritzen dira herrietan azokak. Berastegin gaur igandean egingo dute artisautza eta bertako produktuen azoka, baina herriko berezitasuna den abere eta gazta-lehiaketarekin. Bertan izango da ere Andres Etxeberria. Herriko artzain profesional bakarra izan zen 40 urtez, eta erretiroa hartu zuenetik, bere ofizioaren inguruko erremintak egiten ditu, «zintzarri zaharrei uztaiak jarriz».

«Ni txikitatik nekazaritzan aritutakoa izan naiz beti. Hamalau urterekin, jolasteko, gauza batzuk egiten hasi nintzen. Gero nekazaritzako erremintak ere bai», dio. «Nekazaritzan oso gutxitan joaten zara beste batengana arte pixka bat badaukazu. Gurasoek ere zerbait egiten zuten, aitonak ere bai, eta banituen bi osaba zurginak. Familian berezkotasun bat izango zuela horrek esan nahiko zuen», azaltzen du.

Etxean betidanik izan dituzte ardiak, «150eko artaldea edukitzen genuen». Antzina zintzarrien uztaiak egurrezkoak izaten ziren eta «mutil koxkorretatik uztaiak egiten hasi nintzen, hamasei urterekin edo. Ez saltzeko, etxerako. Orduan dena eskuz egiten zen, molderik gabe», adierazten du. «Hemeretzi urterekin edo, etxeko obrak egiten ere aritu nintzen. Neretzako erraza izango zen lan horietan jardutea, ez nuen inoiz eragozpenik ikusi», dio.

Lanak egiteko erabiltzen dituen egurrak denak mendian edo etxe inguruan topatutakoak dira. «Etxean lehen ez genituen uztai asko erabiltzen, ardiak itxitura batean edukitzen genituen eta bakar batzuei jartzen genizkien. Udazken edo negu aldera lauzpabost egiten genituen horretarako. Kautxozko edo antzekoak saltzen hasi zirenean, ordutik gutxi egin nituen egurrezkoak», gogoratzen du.

Gehienbat gaztainondoaren egurrarekin egiten zituzten uztaiak, «hemen uste genuen onena hori zela». Gerora, «egur guztiak denak onak, erabiltzen jakin behar» direla ikasi du. Izan ere, «beste artzainekin hizketan, Zegamako bati entzunda, ezagutu nuen gereziarekin ere egin zitekeela, goxoagoa, xamurragoa, bigunagoa da. Lizarrarekin ere bai, gogorragoa da baina ondo ematen du eta egin daiteke», dio.

Beste egur bat ere bilatu du, iloba batzuen bitartez. «Emaztea katalana nuen eta hango iloba batzuek ekarri zidaten almez deitzen dioten egur bat. Mediterraneo aldean ateratzen da, Araban eta Nafarroan ere badaude. Dominatzen zimela da, ondo moldeatzen dena. Hoberenak horrekin atera zaizkit», aitortzen du, «baina hemen inork ez dauka».

Uztaiak berritzen hasi zenean ere, batzuk dekoratzen hasi zen. «Hemen ez zen behin ere ohiturarik uztaiak margotzeko edo zerbait egiteko. Baina ikusi nuen hortik batzuk bazituztela, batik bat transhumantzia edo egiteko. Zintzarri handi xamarrekin. Erabiltzeko ez, nik transhumantzia ez dut inoiz egin, baina erakusteko egiten hasi nintzen».

Zintzarri gehienak burdinazkoak izaten dira, «horiek erosi egiten ditut», baina egurrezkoak ere egin izan ditu. «Iloba katalan batek topatu zuen Finlandian edo inguru horretan erabiltzen direla, mingaina kanpotik dutela, eta duela bi urte egin nituen lehenengoak. Gerora denda batean ikusi nuen bat, Zumarragan», azaltzen du. «Elurrarekin burdina tetelduta geratzen da, ez du soinurik ateratzen, bestela soinu bizi-bizia izaten du. Pasa izan zait gauean elurra egin eta ardi bila joaterakoan ez dituzula entzuten ondora iritsi arte. Egurrezkoak ez ditut probatu, baina Finlandian elur-oreinen artaldeak dituzte eta haiekin erabiltzen dute».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Lanbide zaharren erremintak erakutsiko ditu Andres Etxeberriak gaurko azokan

Berastegi: Lanbide zaharren erremintak erakutsiko ditu Andres Etxeberriak gaurko azokan