Labo Georen bigarren edizioa Larraul eta Alkizara iritsiko da abenduan
Dantza garaikideko tailerrak eta emanaldiak eskainiko dituzte hiru egunetan zehar
Dantza garaikidea ondare- eta landa-inguruneetan zabaltzeko Labo Geo jardunaldiaren bigarren edizioa ospatuko da. Oraingoan neguko denboraldian egingo dute, abenduko bigarren astebukaeran. Ekimen osoa Tolosaldeko bi herrietan egingo da, Larraulen eta Alkizan, herrietako udalen lankidetzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Familia osoari zuzendutako ekitaldiak izango dira asteburuan.
Hiru egunetan zehar, sei ikuskizun eta bi tailer antolatu ditu Node konpainiak Labo ekimenaren barruan.
Ekimen hau hainbat urtez Donostian ospatu bada ere, iaz landa-inguruneko herrietara eraman zuten lehen aldiz, Labo Geo izendapenarekin. Hiru herritan egin zen, Larraul, Mutiloa eta Altzon.
Abenduaren 12an hasiko da jardunaldia 'Dantza familian' tailerrarekin 17:00etan. Bi saio egingo dira, lehenengoa Larraulen Marina Eskisabelen eskutik. Abenduaren 13an, larunbata, Alkizan emango du Saioa Borja Bordonabek arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Sei ikuskizunak bi ekitalditan aurkeztuko dira. Ordubete inguruko ikuskizunak izango da, 15 minutu inguruko iraupena duten hiru dantzekin.
Larunbat eguerdian Larraulen hiru talderen dantza garaikideko emanaldiak egongo dira plazan. Aldaketa dantza konpainiak 'Capsula 0.1' aurkeztuko du, Komorebi produkzioak 'Zuloa' lana eta 'Neskena' taldeak 'Badoa' pieza.
Abenduaren 14an, igandean, Alkizan eskainiko da ikuskizuna 12:00etatik aurrera. Irene Naranjok 'Jaranda' dantza aurkeztuko du, Amaia Elizaranek 'Iraun' pieza eta Node konpainiak 'Basandere' lana.