Koldo Izagirrek Pello Errotari buruz hitz egingo du ostiralean
Asteasuarraren hiletaren mendeurren ekitaldietako azken jardueran Amaia Agirre eta Haritz Mujika lagun izango ditu
E.B.
ASTEASU.
Igandea, 9 abendua 2018, 00:56
2019an beteko dira ehun urte Pello Errota hil zenetik, eta Asteasuko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu urtean zehar, egungo bertsolaritzan eta euskal kulturan ezinbesteko erreferentzia izan zen asteasuarraren balioa hedatzeko. Oraingoan, Errotaren mendeurren-ekitaldietako azken jarduera hitzaldi berezi bat izango da. Ostiralean, hilaren 14an izango da eta bertan Koldo Izagirrek Pello Errotari buruzko saio bat egingo du, Amaia Agirre eta Haritz Mujika bertsolariekin. 'Pello Errota, zintzokeria aberkoiaren biktima' izenburupean aurkeztu dute gaueko 22:00etan hasiko den ekitaldia eta udateletxeko ekitaldi-aretoa burutuko dena.
Asteasuko Udalak antolatu du hitzordu berri hau. «Sagardotegiak izan omen ziren gure bertsolarien unibertsitateak. Baina, zer ikasten zuten tenplu haietan? Ziria, iraina, burla, iseka, ofentsa, zatarkeria. Horretan genuen maisu Pello Errota, gauerditik gorako onena zen. Bertsogintza hura lokaztegietako kontua zela predikatu zuten bertsolaritza moralistak eta zintzokeria aberkoiak, kiratsa omen zerien bertso haiei» diote. «Horrela baztertu zen Pello Errota eta haren hitzetik hortzerako txinparta, Pello Errota herri xehearen sormena baitzen, gauza desegokia, pentsamendua ondu gabeko bat-batekotasun arriskutsua. Bertsoa neurrira errenditzeko gauza ez zela ere zabaldu zuten. Denak balio izan zuen satira isilarazi eta sermoiari ekiteko» esan dute.
Ekitaldi ugari sorterrian
Pedro Jose Elizegi Maiz, 'Pello Errota' Asteasun jaio zen 1840ko abenduaren 23a. Bizibidez errotaria bazen ere, bertsoa lanbide osagarri gisa erabili zuen lehen bertsolarietakoa izan zen. Umoretsua eta plaza bertsolari bikaina izan zen, Euskal Herriak eman duen bertsolari on eta jorienetarikoa. 1895. urtean Argentinara joan zen, hara joandako euskaldunen aurrean kantatzera.
Mikaela Elizegik bere alabak Antonio Zavalari aitaren bizitzaren gorabeherak kontatu zizkion, eta Zavalak, elkarrizketa haiek grabaturik, Mikaelaren kontakizunak hitzez hitz idatziz jarri eta liburu batean argitaratu zituen: Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua. Joxepa Inaxi Elizegi bertsolariaren aita ere bazen.
2019an ehun urte Pello Errota hil zela kontuan izanik, Asteasuko Udalaren eskutik martxoan 'Bertsolaritzaren sekretuak' bertso-antzerki ikuskizuna eskaini zen. Apirilean berriz, Bernardo Atxagak zuzendutako hizketaldi bat egin zen, bertan Pello Errotak gizarte eta kultur ondareari egindako ekarpena eta haren dimentsioa hizpide izan zituen. Bestalde, 25 urtetik gorako bertsolariei zuzendutako bertso-sariketa egin zen eta Eneko Lazkozek eraman zuen sari nagusia.