Josu Artolak irabazi zuen Amezketako Hard Enduro lehiaketa
Jende ugari hurbildu zen pilotuak animatzera Zuin baserriko inguruetan ospatu zen txapelketara
NÚÑEZ
AmezketA.
Asteartea, 26 apirila 2022, 00:05
Lehen aldiz Zuin baserriko inguruetan ospatu zen Hard Enduro txapelketa eta Josu Artola amezketarrak eraman zuen txapela. Eguraldi euritsua izan arren, giro ederra izan zen bai baserri inguruetan, baita mendian ere eta jende ugari gerturatu zen pilotuak animatzera. Autobusa gelditu gabe ibili zen herrigunetik zirkuituraino joan-etorrian jendea eramaten.
Pilotuek hiru orduko saioa izan zuten zazpi kilometroko zirkuituari ahalik eta itzuli gehien emateko. Mendian jarritako oztopo batean izan zituzten zailtasun gehien, euriarekin lokatz handia sortu baitzen inguruetan.
Bost mailatan parte hartu zuten pilotuek Euskadiko Hard Enduro Txapelketako lehen proba honetan. Open mailan, Josu Artola izan zen garailea, zirkuituari emandako sei itzulirekin. Bigarren Alberto Aranburu Ugarte izan zen eta hirugarren Alexander Hidalgo. Open mailako Junior kategorian Iker Alemanek irabazi zuen, Aritz Murua bigarren eta Jakes Garbizu hirugarren.
Trofeo mailan Alberto Itoizek irabazi zuen, Arturo Domaica bigarren eta Alvaro Saez hirugarren. Trofeo mailako junior kategorian Bittor Aizpuru izan zen garailea, Imanol Bellido bigarren eta Julen Latorre hirugarren. Beteranoetan David Canibek irabazi zuen, Jose Antonio Martin bigarren eta Aritz Antxio hirugarren. Gainera, Sandra Gomezek sari berezia eraman zuen neska bakarra izateagatik.