Ane Mintegiren hormairudia egin dute Herri Eskolan
Jordi Bermejo grafitigilearen laguntza izan dute ikasleek irudia partetan egiteko
IKER AIZPURUA
Ostirala, 11 martxoa 2022, 00:02
Martxoak 8, emakumearen nazioarteko eguna izanik, Aita Iparragirre Herri Eskolak ere aldarrikapenean parte hartu zuen hormairudi bat eginaz eskolan. Nor marraztu erabakitzeko, ikasleek beraiek proposatu zituzten emakumeen arteko bozketa egin zuten eskolan. Ane Mintegi herritarra izan zen bozketan aukeratua.
Jordi Bermejo grafitigilearen laguntza izan zuten ikasleek Mintegiren irudia partetan egiteko. Eskolatik adierazi dute ohore bat dela Ane Mintegiren irudia eskolan marraztea Idiazabalgo emakumeen ikur gisa.
Bestalde, atzo arratsaldean, irakurle taldeak herriko emakumeen idatzitako liburuetako pasarteen irakurketa ozena egin zuten udaletxean. Jarraian irakurzaleen tertulia egin zen.
Pilota egokitua
Bihar, martxoak 12, Gipuzkoako euskal pilota egokituko paleta txapelketako finalak jokatuko dira Idiazabalen. Igarondo pilotalekuan jokatuko dira final hauek 10:30etik aurrera. Idiazabalen jokatuko diren finalak, adimen urritasuna dutenen pertsonena eta gurpildun aulkikoena izango dira, biak ere binaka.
Areto futbola
Gaur, 20:50ean, XX. jardunaldia izango dute Idiazabalgo areto futboleko mutilek Lasarten. Eguzki Arkupe Rehabilitacion taldearen aurka jokatuko dute Maialen Chourraut kiroldegian.
Me Too antzezlana
Bihar, larunbata, Ainhoa Aierbek eta Tessa Andonegik 'Me Too' umorezko antzerkia eskainiko dute 19:00etan Guraso elkartean. Sarrerak eskuratzeko aukera dago oraindik, 5eurotan liburutegian.